Joseba Azkarraga eta Nahikari Iturbe. Sareko kideak

«Urruntze politika amaitu zen; salbuespen neurriak, ordea, ez»

Azken asteetan, zenbait euskal presori onartutako gradu progresioei helegitea jarri die Espainiako Estatuko Fiskaltzak. Sarek elkarretaratzera deitu du biharko: 20:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Andoain
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Sare Herritarreko bozeramaile Joseba Azkarragak (Agurain, Araba, 1950) eta Gipuzkoako arduradun Nahikari Iturbek (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1984) salatu dutenez, joan den martxoan urruntze politika amaitutzat jo bazuten ere, euskal presoek «salbuespen neurriak» pairatzen dituzte. Hori salatzeko mobilizazioak egingo dituzte abuztuan. Lehena, bihar, Gasteizen.

Espainiako Estatuko Fiskaltzak helegiteak jarri dizkie zenbait presoren gradu progresioei. Aurreko astean, Xabier Atristain bigarren gradura itzularazi zuten, baita atzo Ainhoa Barbarin ere. Nondik dator joera hori?

NAHIKARI ITURBE: Barbarin lehendik ere egona zen hirugarren graduan; erregresio bat jaso zuen. Orain, berriro ere hirugarren gradua onartu bezain laster, espetxera itzularazi dute. Joan den astean, Atristainek hirugarren aldiz itzuli behar izan zuen kartzelara. Jakinda hirugarren gradua dagokiela, behin eta berriro etxera itzultzeko legezko bidea oztopatzeak estres handia eragiten die presoei.

JOSEBA AZKARRAGA: Fiskaltzaren helegiteak gero eta ohikoagoak dira. Gradu progresioak espetxeetako tratamendu batzarrek onartzen dituzte eta Jaurlaritzak berresten ditu. Baina progresio horien %75i helegitea jarri die fiskaltzak.

Beraz, kontraesana dago?

AZKARRAGA: Bai; eta, gainera, fiskaltzak ez du Sarerekin egiten talka, baizik eta espetxeetako profesionalekin. Kartzeletako psikologoek eta gizarte langileek ezagutzen dute hobekien presoen eboluzioa. Horiexek proposatu dute aho batez, esaterako, Ainhoa Barbarinen gradu progresioa, bi bider. Horri helegitea jartzen diotenak, ordea, gure herrialdetik 500 kilometrora daude, eta ez dute presoa ezagutzen.

Euskal presoekin salbuespenez jokatzen da?

ITURBE: Argi eta garbi. Hamasei preso daude larriki gaixorik, eta etxean behar lukete. 70 urtetik gorako presoak zazpi dira, eta ia %90ek hogei urte baino gehiago igaro dituzte kartzelan.

AZKARRAGA: Urruntze politika amaitu zenetik salbuespenak amaitu direla uste dute zenbaitek. Ez da hala. Justiziak presoen eskubideak urratzen ditu oraindik ere. Badaude legeak propio euskal presoentzat onartuak. Lege horiek indargabetu behar dira. Ez da pribilegioak eskatzea, espetxe normaltasuna baizik.

Preso horiek jada ez dira inolako erakundetako kide, baina ezer aldatuko ez balitz bezala jokatzen ari dira. Espainiako Estatuan dauden preso guztien artean, gradu progresioen aurka fiskaltzak jarritako helegiteak ez dira %25era iristen.

Eta helegitea jartzea nahikoa da gradu progresioa ezeztatzeko?

AZKARRAGA: Hori da. Auzitegi Nazionaleko zigor arloko lehen salak emandako auto batek baimentzen du hori. Iazko abenduaren amaierara arte, fiskalak helegitea aurkeztu arren, presoak hirugarren graduan jarraitzen zuen epaileak ebazpen bat eman bitartean. Abendu amaieratik aurrera, ordea, helegitea aurkeztu orduko, presoak bigarren gradura eta, beraz, kartzelara itzuli behar du.

ITURBE: Hirugarren gradua ez da zerutik erortzen. Presoek beren ibilbidea egin behar dute: pausoak eman behar izan dituzte hirugarren gradua eskuratzeko. Espetxearen helburua birgizarteratzea baldin bada, preso horiek beteak dituzte birgizarteratzeko urratsak.

AZKARRAGA: Uste orokortua da baldintzapeko askatasuna edo hirugarren gradurako progresioaeta behin betiko askatasuna gauza bera direla. Eta ez da horrela. Zigorra betetzeko modalitate ezberdin bat baino ez da. Zigorra azken egunera arte betetzen dute.

Martxoan eman zenuten amaitutzat 35 urteko urruntze politika. Ordutik aldatu al da egoera?

ITURBE: Orain arte ezagutu gabeko eszenatoki batean aurkitu dugu geure burua. Gradu progresioak ia ez genituen ezagutzen. Presoak etxera itzultzen zirenean, zigorra bere osotasunean bete zutelako itzultzen ziren. Gerturatzeez harago, espetxeen eskumenak bertan edukitzeak lege gizatiarragoak aplikatzea ekarri du. Balioa eman behar zaio, baina salbuespen neurri berriekin ere egin dugu topo.

Jaurlaritzak eskumena duenetik erraztu egin da egoera?

AZKARRAGA: Zenbait hedabide eta alderdik hauspotutako ideia bat dago: euskal administrazioak eta espetxeetako batzarrak hirugarren graduak ematen ari direla barra-barra. Ez da horrela. 47 gradu progresio onartu dituzte eskumena dutenetik. Baina, Sarek egindako kalkuluen arabera, 115 bat presok betetzen dituzte hirugarren gradua eskuratzeko baldintzak. Beraz, bide luzea dago egiteko.

Gizartearen jarrera zein da?

ITURBE: Geroz eta euskal herritar gehiagok utzi nahi dute iragana atzean. Horretarako, presoen aferari irtenbide bat eman behar zaio.

AZKARRAGA:
Posible da aurrera egitea iragana ahaztu gabe, baina gorrotorik gabe. Aldarrikatzen duguna bateragarria da biktima guztienganako errespetuarekin.

Gaur-gaurkoz, iheslari eta deportatuen egoera zein da?

ITURBE:
Iheslari eta deportatuen auzia konplikatua da. Sekretupean daude zenbait txosten. Abokatuek ere arazoak eta trabak dituzte irtenbideak topatzeko. Gaur egun, bost deportatu eta hamazazpi bat erbesteratu daude.

AZKARRAGA:
Daramaten denboragatik, askok preskribatuak izango dituzte delituak. Ez dago, ordea, berme judizialik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.