Urrun ikusten da Brusela Baionatik

Europako Parlamenturako hauteskundeak toki gutxi izaten ari dira Ipar Euskal Herrian. Zerrenda batean eta bestean aurkeztu diren hautagaiek ez dute Bruselara joateko aukerarik.

Jean Telletxea, eskuinean, bizikleta gainean abiatu dute kanpainaren lehen etapan. EAJ-PNB
Jean Telletxea, eskuinean, bizikleta gainean, kanpainaren lehen etapan. EAJ-PNB
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko maiatzaren 29a
05:00
Entzun

EH Baik izenpetutako afixak eta pankartak ikusi zitezkeen asteburu honetan Ipar Euskal Herriko toki anitzetan: Euskal Herrian eskuin muturrari ez zioten horietako batzuek, eta beste batzuek Nazioa gara. Gure etorkizuna elkarrekin eraiki dezagun leloa zekarten. Europako Parlamenturako hauteskundeetan hautagaitzarik ez aurkeztea erabaki dute ezkerreko abertzaleek; hautesbarrutia Frantziako Estatua izanki, bakarrik aurkeztuta ez lukete eserleku bat lortzeko inolako aukerarik, eta ez dute lortu aurkeztu diren gainerako indar politikoekin ados jartzea.

Hortaz, EH Bilduk EH Baiko kide bat eramanen du zerrendan, eta Euskal Herri osoko herritarren kezkak Bruselara eramateko engaiamendua agertu du Pernando Barrena hautagaiak. EH Baik, berriz, «Euskal Herria aitortzen duten ezkerreko hautagaitzen alde egitera» deitu ditu hautesleak. Horrez gain, komunikazio kanpaina bat abiatu du, bozak iragan bitartean eskuin muturraren kontrako eta nazio aitortzaren aldeko mezuak zabaltzeko.

Oro har, oihartzun apala izaten ari dira Europako bozak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan. Prentsaurreko eta agerraldi gutxi batzuk izan dira hautagaiak aurkezteko, baina gehiagorik ez; urrun ikusten da Brusela Baionatik. Frantziako Estatuko eztabaidek hartu dute gaina, eta zerrendetan aurkeztu diren hautagaiek aukera gutxi dute Europako Parlamentuan eserleku bat lortzeko. Jean Telletxea EAJko kidea da kokaleku gorena duen Ipar Euskal Herriko hautagaia, bederatzigarrena baita Ekologia Positiboa eta Lurraldeak zerrendan; IFOP eta Feducial Institutuek joan den astean egindako inkestaren arabera, bozen %0,5 lortuko dituzte. 

Baina ez ditu horrek kikildu. Kaskoa jantzi eta bizikletan abiatu dira jeltzaleak, Ipar Euskal Herriko itzulia egitera. Zuberoatik Amikuzera joan dira, Garazitik Baigorri eta Lapurdi barnealdera, eta Lapurdi kostaldera, egunez egun egin dituzten etapetan. Tokian-tokian bilkurak antolatu dituzte hautetsiekin eta eragileekin, eta merkatuetan eta herriko plazetan herritarrei esku orriak banatzen aritu dira. Europako Parlamentura ez dira helduko, baina herritarrengana hurbiltzeko modua ikusi dute egun hauetan, alderdia gehiago ezagutarazteko; horretarako ere balio dute hauteskunde kanpainek.

Frantziako alderdiak

EH Baik bi aukera aztertu zituen bozetara aurkezteko. Horietako bat estaturik gabeko nazioek osatutako hautagaitza bat zen, baina ez du fruiturik eman. Eskualde eta Herri Solidarioak (RPS) federazioko kide dira ezkerreko abertzaleak, eta hura osatzen dutenekin ari ziren hitz egiten hauteskundeetan parte hartzea erabakitzeko. Baina federazioak PRG Ezkerreko Alderdi Erradikalarekiko aliantza egin du azkenean, eta horretan parte hartzea ukatu dute EH Baiko militanteek —Laurence Hardouin Baionako hautetsia aurkeztu da zerrenda horretan, hogeigarren lekuan—. EH Baik ezkerreko alderdiekin izandako elkarrizketek ere ez dute emaitzarik eman. 

Europa Ekologia-Berdeak alderdiarekin akordioa egitea zen abertzaleen beste aukeretako bat; azkenean ez da hala izan. Frantziako alderdi ekologistak Ipar Euskal Herriko bi hautagai izanen ditu zerrendan: Jeremy Savatier Azkaineko (Lapurdi) hautetsia 34. lekuan, eta Justine Jadot Greenpeaceko kidea 59. lekuan. Ezkerreko abertzaleekin adostasunik lortu ez badute ere, agerikoa da haiengana iristeko borondatea. Euskaraz idatzi dituzte mezu bat baino gehiago haien komunikazioan, eta Marie Toussaint EELVko zerrendaburua Herri Urratsen izan zen. Frantzian elkarren arteko lehian ari dira ezkerreko indarrak, hauteskundeetako emaitzen arabera haien arteko indar harremana baldintzatzeko asmoarekin. Euskal Herrian ezkerreko abertzale zenbaiten babesa lor lezake EELVk.

Azkenik, beste bi hautagai ere badira Ipar Euskal Herritik. Colette Capdevielle PSko diputatu ohia PS-Place Publique zerrendan aurkeztuko da, 74. lekuan eta Jacqueline Uhart 71. LO Langile Borroka alderdiaren zerrendan. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen eta Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren Rennaissance alderdian Claire Scotcher joanen da, 57. lekuan. Gainerako alderdiek ez dute Ipar Euskal Herriko hautagairik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.