Urrun dago Katalunia

PSCren egoerarekin kezkatuta daude Hego Euskal Herriko sozialistak; haustura baztertzen dute, halereErabakitzeko eskubideari buruz, «ideiak argi» dituztela diote PSE eta PSNko kideek

Urrun dago Katalunia.
jokin sagarzazu
2013ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko maitasun istoriorik ez dago, ez behintzat sozialisten artean. Eta are nabarmenagoa dahori gaur egun. Hego Euskal Herrian «mesfidantzaz» begiratzen diote PSCn gertatzen ari denari. Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSEren idazkari nagusiak, Rafaela Romero Gipuzkoako batzarkideak eta Pedro Rascon PSNren legebiltzarkideak BERRIAri aitortu diote egoera «zaila» duela PSCk, eta uste dute «nazionalistek» eraman dutela horretara, erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaidaren bidez.

Hala ere, eztabaida hori «interesatua» eta «alderdikoia» dela diote hiru mintzakideek. «Erabakitzeko eskubidearekin autodeterminazio eskubidea esan nahi dute nazionalistek, eta horrek, Kataluniaren eta Euskal Herriaren kasuetan, ez dauka heldulekurik nazioarteko legerian», adierazi du Pastorrek. Eztabaida horrek PSCn «konfusioa» sortu duela dio, eta alderdia «ahuldu» duela. Romero eta Rasconentzat ere eztabaida «faltsua» da. «Globalismoaren garaian hitz egin behar dugu mugak kentzeari buruz eta ez muga berriak sortzeari buruz», adierazi du Rasconek. Romerok, halaber, uste du Katalunian, eta baita Euskal Herrian ere, eskubide horren aldekoak gizartean «nahasmena» sortzen ari direla. «Erabakitzeko eskubidea erreferendumarekin nahastu dute, nazio sentimendura mugatu dute». Romeroren irudiko, ez dira nahastu behar eskubidea eta tresna. «Gisa horretako erreferendum bat gehiago zehaztu behar da. Hamarkadak eman zituzten Kanadan hori egiten eta, hemen, bat-batean egin nahi dutela dirudi. Oso planteamendu sinplista da, eta uste dut beraien artean ere ez direla ados jartzen».

Euskal Herriko sozialistentzat Katalunian sortu den eztabaidak gehiago erantzuten dio CIU eta ERCren arteko lehiari «herritarren benetako interesei» baino. «Krisialdi ekonomikoaren aurrean hartzen ari den erabakiak ezkutatzeko CIUk nahiago izan du ihesbide bat bilatu erabakitzeko eskubidearen kontu horrekin, eta ERCk herrestan eraman du PSC», azaldu du Pastorrek. Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak hartu duen bidea «arriskutsua» dela iritzi dio PSEkoak, «Kataluniako gizartea konfunditu eta zatitu egiten duelako».

Pastorren iritzian, horixe bera gertatu zen Euskal Herrian, Ibarretxe lehendakariaren garaian. Baina EAJk orduan gertatutakoaz hausnartu egin duela uste du. Hala, Urkullu lehendakariak planteatu duen estatus politikoaren inguruan Pastorrek dio proposamen horretan EAJk ez duela ezer zehaztu erabakitzeko eskubideari buruz, eta uste du Urkullu ez dela «eroriko» Katalunian egin dituzten «errore» berberetan. «Gure xedea da oinarrizko elkar ulertze batera iristea sentsibilitate politiko ezberdinen artean, eta uste dugu horretarako oinarriak badaudela. Uste dut Urkullu ildo horretan ari dela». Nafarroan, berriz, gisa horretako eztabaidarik ez dagoela dio Rasconek, ez bada alderdi abertzaleen artean. «PSNn existitzen ez den eztabaida bati buruz ari gara hitz egiten».

Bai, ordea, Katalunian. PSCren Batzar Nazionalak aurreko asteburuan erabaki zuen Madrilekin akordioa eginda soilik onartuko lukeela eskubide hori aurrera eramatea. Aurretik hartutako zenbait erabakik, halere, ezbaian jarri dute ikuspuntu hori —Madrilen baimenik gabe ere kontsulta egitearen alde azaldu zen Kataluniako Parlamentuan—. Nolanahi den, Batzorde Nazionalak hartutako erabakia «argia» dela dio Pastorrek eta horrekin «ados» dagoela, erabakitzeko eskubidearen aurrean PSCren jarrera «modu positiboan finkatu» delako, «behin betiko». Orain, sozialista «guztiak» bat datozela dio. «Guk kontsulta bat onartuko dugu baldin eta estatuarekin hitzartua badago». Horrekin bat dator Rascon: «Kataluniako sozialistek amaitutzat eman dute eztabaida; besteokin bat egin dute».

Romerok, baina, ez du berdin pentsatzen. Gipuzkoarrak azpimarratu du eztabaida bizirik dagoela PSCn, eta egoera «gaiztotu» egin dela azken asteetan. PSCren egoera «kezka handiz» bizi duela dio. «Ez dira nik ezagutzen nituen sozialistak. Kataluniako nazioa ulertzeko identitate ezberdinak elkarrekin nola bizi daitezkeen ikustea eredu bat zen Euskal Herriko sozialistentzat». Romerok, baina, uste du elkarbizitza hori «hautsi» egin dela eta horrek alderdia «ahuldu» duela. «Ahuldu Katalunian eta ahuldu PSOEren barruan». «Kontraesanak dituzte. PSOErekin eztabaidatzen dutenean gauza bat pentsatzen dute eta beste bat besteekin eztabaidatzen dutenean». «Nora ez» horrekin kezkatuta dago Romero, eta «irtenbide zaila» ikusten dio.

Hala ere, PSC eta PSOEren arteko haustura «erabat baztertu» dute Pastorrek eta Rasconek. Hala espero du Romerok. Baina ez du erabat argi. «PSCko kideei dagokie bereziki bi arima horien elkar ulertzea berriz uztartzea ».

Kultura politikoa

Pastorren arabera, PSEk ez du inoiz arazorik izan erabakitzeko eskubidearekin. «PSCk hartu duen erabakiarekin askoz ere aitortuagoa ikusten dugu gure posizioa». Halere, PSEko bozeramailearen arabera, «Espainia ulertzeko» modu ezberdinak dituzte Kataluniako eta Euskal Herriko sozialistek. Alderdien jatorriagatik eta batzuek eta besteek duten hautesleriagatik. Aitortu du, halaber, Kataluniako sozialisten «kultura politikoa» ezberdina dela. «Trantsiziora arte, PSOErentzat Katalunia ez zen aldeko lurralde bat; bai, ordea, Euskadi». Eta «historiari» heldu dio: «Euskadiko alderdi sozialista PSOEren sortzaileetako bat izan da, eta Euskadiko sozialismoak eragin ikaragarri dauka Espainiako sozialismoan. Gure jarrerak beti lagundu du autogobernuan sakontzen eta Espainiarekiko harremanak argitzen», gaineratu du.

Horrekin bat egiten du Rasconek, baina ñabardurekin, «kultura politikoaren eta hautesleriaren kontu horietan, bereziki». PSNkoak uste du alderdi sozialistako kide bati berdin zaiola nongoa izan, nahiz eta «sentimendu nazionalistek» kontraesanak sortu. Eta Katalunian ere hala dela uste du: «PSCn ez dago nazionalistarik», dio. «Estrategia batzuek eraman zaitzakete hautesleria bat erakartzera, elkar ulertze batzuetara, baina hori, irabazten duzun bezala galdu egiten duzu, Katalunian bezala, baita Nafarroan eta Euskadin ere». «Askotan esaten digute zergatik ez garen irekitzen nazionalisten boto-emaileei. Niretzat ez da aukera egokia».

Romero ez dago erabat ados, eta horretan bai, nahiago du Kataluniara begiratu. Euskal Herriko sozialismoaren barruan «hutsune» bat nabari du: «Baskismoarena». Katalanismoa nazionalista eta ez-nazionalistena dela dio Romerok. Eta Euskal Herrian, aldiz, ez dela horrela. «Hemen, baskista bazara, ez zara ez zara euskal naziokoa, nazionalista batzuen arabera. Baina ni banaiz, nahiz eta nire ikuspuntua beste bat izan. Hori ez da Katalunian ematen». Aitortu egiten du, baina, hori ez duela PSEren gehiengoak babesten. «Erronka hori dugu. PSCkoek erakutsi digute nola elkar bizi daitezkeen Extremadurako sozialista bat eta Gironako bat».

Foruak eta federalismoa

Erabakitzeko eskubideaz gain, bada Euskal Herrian, Kataluniarekin konparatuta, eztabaidagai den beste puntu bat: lurraldetasunarena. «Katalunian ez dute arazo hori», adierazi du Pastorrek. PSEkoak dio EAEko Estatutuan jasotzen den Euskal Herria komunitate ezberdinek osatua dela, «batzuk Espainian daudenak eta beste batzuk Frantzian». «Denboren kudeaketa ezberdina egin dute lurralde horiek, eta hautesleen soziologia ezberdina dute. Hori kontuan hartzea ezinbestekoa da». Pastorrentzat, baina, «ona» litzateke lurralde horien arteko «elkarlanerako tresna egonkorrak» sortzea. «Eta hori beti defendatu dugu PSEn», azpimarratu du. Halakorik egin ez bada UPNren jarreragatik izan dela dio PSEkoak. «UPNren jarreragatik eta euskal nazionalisten hitzezko oldarkortasunagatik». «Hori baretu eta elkar ulertzeak bilatzen saiatu beharko genuke, betiere Nafarroako eta Euskadiko gizarteak erabakitzen duena kontuan hartuta».

Antzera pentsatzen du Rasconek, baina hark dio PSNk «oso argi» daukala «Nafarroa Nafarroa dela eta Euskadi Euskadi dela». «Bozetako emaitzek diote hala dela». Hala ere, Nafarroak «mugakide dituen komunitateekin» harremanak sendotzearen alde azaldu da PSNkoa. Hortik aurrera, ez du bestelako planteamendurik egin nahi, «oraingoz».

Hori egin aurretik, Espainiako Estatuaren egitura «birpentsatu» behar dela uste dute PSE eta PSNko kideek. Eta eredu federal bat defendatu dute Espainiarentzat. «Euskadi, Nafarroa, Katalunia eta Galiziaren espezifikotasun historikoak kontuan hartzen dituen eredu federal bat», zehaztu dute hirurek. Hego Euskal Herriko herrialdeen kasuan, bereziki, hitzarmen ekonomikoak daukan garrantzia azpimarratu du Pastorrek. Horregatik ez ditu ulertzen PSCko buru Pere Navarrok eginiko kritikak. Hala ere, bai Pastorrek bai Rasconek uste dute eztabaida hori «amaituta» dagoela, Kataluniako sozialistek «atzera» egin dutela, «onartu» egiten dituztela «espezifikotasunak».

PSOEren proposamena izanagatik ere, Hego Euskal Herriko sozialisten artean, baina, federalismoari buruzko eztabaidarik ia ez dagoela aitortu du Romerok. «Ezberdinak gara hemen. Guri, katalanei ez bezala, inoiz ez zaigu asko interesatu federalismoa. Gure sistema haratago doa. Jatorri eta oinarri ezberdinak ditu, eta Espainiako Konstituzioak berak jasotzen du euskal nazioaren espezifikotasuna». Orain PSOEk federalismoaren «bandera» hartu izanak eta PSCk baztertu izanak «harritu» egiten du Romero. «Orain ez die horrek balio». Federalismoaren bide horrekin «zalantzak» agertu ditu Romerok. Susmoa du Konstituzioa aldatzen hastea ez den okerrerako izango. Eta uste du Kataluniako gatazka «berdinen arteko hitzarmen» baten bidez konpondu beharko litzatekeela. Baina ez da batere ziur horrekin ere. «Asko gaiztotu baitira harremanak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.