Migranteenganako elkartasuna epaitzekoa zen beste behin Frantziako justizia gaur. Zazpi herritar deitu dituzte Baionako Auzitegira, iazko martxoan Korrikaren lehen egunean 36 migranteri Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko muga igarotzen laguntzea leporatuta. Hala ere, urriaren 7ra gibelatu dute epaiketa. Epaiketa aurreko arazo bati buruzko galdera aurkeztu dute auzipetuen abokatuek Europako Justizia Auzitegiaren aitzinean, eta fiskaltzak ez du aztertzeko denborarik izan. Horregatik erabaki du epaileak epaiketa gibelatzea.
«Guretzat garaipen bat da, lehena», adierazi du Argitxu Dufauk auzipetuen izenean. Eskerrak eman dizkie mobilizatu diren herritar eta antolakunde guziei, eta azken asteetan egin duten kanpaina goraipatu du. Izan ere, J'accuse lelopean 3.513 autoinkulpazio izan dira orotara gaur arte, eta gaur ere jendeak sinatzen segitzen zuen epaitegi aitzinean. «Gaur inoiz baino gehiago, elkartasuna agertu behar dugu, denek elkarrekin, Euskal Herriak harrera herri izaten segi dezan».
Txalo artean sartu dira auzipetuak epaitegira, 'Euskal Herria harrera herria' oihu eginez @berriapic.twitter.com/pY3ZzKAlc9
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) January 28, 2025
Jendetza elkartu da Baionako Auzitegi aitzinean auzipetutako zazpi herritarrei babesa adierazteko, tartean Euskal Herriko antolakunde politiko, sozial eta sindikal andanatako ordezkariak. Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak «klase elkartasuna» izan du hizpide: «Miseriatik, gerrateetatik, bizitza duinago baten bila lanera gurera datozen migranteei elkartasuna eta babesa adierazten jarraituko dugu». Mugan pasabide segurua eskaini behar dela erran du, eta migrazio politika «arrazista eta hiltzaileak» gaitzetsi ditu. «Migrazio politikak epaitu behar dira, bizitzaren kontra egiten duten politikak, eta ez bizitzaren alde egiten duten ekintzaileak».
Peio Dufau EH Baiko diputatuak erran du berak ere lagundu izan dituela etorkinak Baionara iristen, eta bat egiten duela auzipetutako militanteekin. «Sostengu osoa adierazten diet. Elkartasuna ez da delitua». Garaiz garai Ipar Euskal Herrian migranteei erakutsitako babesa goraipatu du. «Nire birramatxik gauez eltzekaria ematen zien ihes eginda etortzen ziren portugesei. Euskaldunok ere badakigu zer den ihes egitea: miseriatik ateratzeko Ameriketara joan ziren euskaldun anitz». Gaur egungo «kriminalizazioa» salatu behar dela erran du. «Ezin da halakorik onartu! Elkartasuna da gizakiaren lehen indarra!».
Peio Dufau @EHBai-ko diputatua ere bertan da. «Nik ere lagundu izan ditut etorkinak. Betidanik izan da elkartasuna Euskal Herrian» @berriapic.twitter.com/BNMu9svkv3
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) January 28, 2025
Migrazio politikak epaitu behar direla erran du Garbiñe Aranburu @LABsindikatua-ko koordinatzaile nagusiak, eta ez elkartasunaren ekintzaileak. Klase elkartasuna aldarrikatu du @berriapic.twitter.com/8QTMDAoQzg
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) January 28, 2025
Estatuak «legez kanpo»
Damien Careme Frantzia Intsumisoko eurodiputatua lekuko gisa deklaratzekoa zen auzipetuen alde. Gogor mintzatu da Europako estatuen kontra, eta salatu du nazioarteko zuzenbidea zangopilatzen dutela migranteen auzian. «Europako Batasuneko herrialde anitzek ez dute errespetatzen Genevako nazioarteko 1951ko hitzarmena, asilo eskaera egitera datozen jendeak kanporatzen baitituzte. Adibideetako bat da. Haurrak preso sartzen dituzte atxikitze zentroetan, hori haurren eskubideen nazioarteko hitzarmenak debekatzen du. Harrera egitea ukatzean, Europako hainbat direktiba ez dituzte errespetatzen. Zerrenda biziki luzea da».
Caremek ezinbestekotzat jo du militanteen lana. «Estatuak egin beharko lukeen lana egiten dute ekintzaileek». Gaur egun Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen duen Pausa harrera lekuaren adibidea eman du. Antzera mintzatu da Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) auzapeza ere. Herriko CCAS Gizarte Ekintzarako Herri Erakundea ireki diete migranteei laguntza eskaintzeko. 2022an, Daniel Bideondo kohesio sozialaz arduratzen den axuanta bere alabarekin atxilotu zuten, bost migranteri laguntza eskaintzeagatik. Aramendi bera joan zen komisariara hautetsia askatu zezatela eskatzeko. Babes osoa adierazi die auzipetuei.
«Erresistitu behar dugu, eta migranteak lagundu»
Migranteak muga pasatzen laguntzea leporatzen dietenen artean da Fernand Perret urruñarra. Bidasoa Etorkinekin taldean parte hartzen du, eta lehenago ere atxilotu izan dute migranteak laguntzeagatik. Korrikako ekintza eragilez osatutako kolektibo batek hartu zuen bere gain, eta epaia eman arte norbanako gisa leporatua zaienari buruz adierazpenik ez egitea erabaki dute taldean. Hala ere, migranteek mugan bizi dutena izan du hizpide.
Zer erakusten du auzi honek?
Erakusten du migranteak laguntzen direlarik etengabe kriminalizazioa bilatzen dutela. Pasatu nahi den mezua da kriminalak garela, zailtasunetan diren jendeak laguntzen ari garelarik. Meritu handia dute honaino iritsi direlako; gehienek biziki ibilbide zailak izan dituzte. Ez da ahantzi behar zenbat pertsona hiltzen diren hona iristeko bidean.
Bidasoa Etorkinekin elkartean parte hartzen duzu.
Migrante anitz laguntzen ditugu, muga pasatu dutenean Baionara segurtasunez eramateko. Haiekin mintzatu eta izan duten ibilbidea ezagutzeko parada ukaiten dugu. Afrikatik Kanarietara abiatzen diren zazpi migrantetatik bat ez da helmugara iristen. Okaztagarria da! Marokotik abiatzen zirelarik, bederatzitik bat iristen zen; Mauritaniatik eta Senegaletik abiatzen direnen artean, zazpitik bat iristen da. Gero eta urrunagotik abiatzen dira aldi oro, bidean zailtasun gehiago ezartzen dizkietelako etengabe.
Estatuen jarrera salatu da maiz.
Europak gero eta diru gehiago ematen dio Marokori migranteak abiatzen ez uztearen truk. Espainiak ontzat eman du Marokok Mendebaldeko Sahara bere menpean hartzea, eta berriki Macronek [Frantziako presidenteak] gauza bera egin du. Horiek guziak ordainak dira. Zinez hinguingarria da.
Gizatasun oro kentzen diete migranteei.
Bai, hori da, osoki. Beti erraten dut migranteak laguntzeko ez dela politika anitzik egin beharrik horretaz interesatzeko. Mugatik hurbil bizi garenean, eta haiekin elkartzen garenean, ikusten da ez direla gaizkileak. Meritu anitz duten jendeak dira, gehienak biziki gazteak. Merezi dute lagundu ditzagun, eta espero dugu gizatasun kate bat izanen dela, iritsiko diren lekuan ere lagunduak izan daitezen. Baina iristen direnean uste dute Frantziara heltzearekin paradisura helduak direla; alta, badakigu beha dutena ez dela biziki polita. Bihotzean min ematen du.
Elkartasun handia sortu da auziaren inguruan.
Eskertzen da bakarrik ez egotea, eta sostengu hori sentitzea. Kuraia ematen du. Izugarria da, hala ere. Beste esperientzia bat izan nuen iaz, Hendaiatik Baionara migrante batzuk laguntzen nituela atxilotu baininduten. Markatzen du halako arazoak izateak. Ongi da gibeletik jendearen babesa ukaitea, eta baliatu behar dugu migranteen arazoa zabaltzeko, telebista eta hedabide anitzetan termino gorrotagarrietan zabaltzen duten mezuari kontrajartzeko.
Herra mezuak nagusitu dira azkenaldian. Zeren seinale da etorkizunerako?
Migranteentzat zailtasun anitz izanen direla. Erresistitu behar dugu, eta lagundu. Herraren banalizazioa ikusirik, gero eta jende gehiago behar dugu horren aurka. Jendeari jazarri behar zaio, eta kontzientzia hartu behar dute laguntza behar dutenak babestu behar direla.
Babes zabala
Hainbat eragilek osatutako kolektibo batek bere gain hartu zuen «desobedientzia zibileko ekintza», eta Ahotsa hedabideak bideoa ere zabaldu zuen. Mila lagunek baino gehiagok erruduntzat jo dute beren burua auzipetuen sostenguz, eta igandean manifestazioa egin zuten, ekintzaileei karguak erretiratzeko eskatu eta migrazio politika «hiltzaileak» salatzeko.
Etorkinen harrera sare eta elkarteak, sindikatuak —LAB, Steilas, FSU64, Ipar Euskal Herriko SUD—, alderdi politikoak —Berdeak, EH Bai, Frantzia Intsumisoa, Ipar Euskal Herriko Gauche Ecosocialiste— eta herritar mugimenduak — Bizi, Attac, Xuti Gazte— biltzen ditu ekintza bere gain hartu duen kolektiboak. Eragile horietako kide dira urriaren 7an epaituko dituzten zazpi herritarrak: Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi LAB sindikatuko kideak; Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre EH Bai eta Etorkinekin kolektiboko kideak; Aitzane Lasarte eta Fernand Perret Bidasoa Etorkinekin elkartekoak; eta Frantzia Intsumisoko kide bat.
Urri hasieran deitu zituzten Hendaiako komisariara deklaratzera, eta iritsi bezain laster sartu zituzten atxiloaldian. Geroztik jakin da Pirinio Atlantikoetako prefeturak jarritako salaketa baten ondorioz abiatu zutela haien kontrako prozedura. Auzipetuetako batek kontatutakoaren arabera, ekintzaren bideoa erakutsi zien bati baino gehiagori Frantziako Poliziak, eta hura nola antolatu zuten galdetu zieten —teknikoki eta ekonomikoki—. Egunean berean askatu zituzten, epaiketarako zitazioa emanda.
Komisariara deitu zituztenean, 80tik gora eragilek eman zieten babesa zazpi herritarrei, eta gerora ere izan dute sostengu gehiago. Azken asteetan, autoinkulpazio kanpaina bat abiatu dute J'accuse lelopean, eta milatik gora herritarrek parte hartu dute. Beren burua erruduntzat jo dute «sinbolikoki», zazpi auzipetuei egozten dieten ekintzan parte hartu zutela esanez.
Jendetza elkartu da Baionako Auzitegi aitzinean. 14:00etan hasiko da migranteei Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga pasatzen laguntzea leporatzen dieten zazpi herritarren kontrako epaiketa. Korrikako lehen egunean egin zuten desobedientzia ekintza @berriapic.twitter.com/gqWws9brzk
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) January 28, 2025
Igandean, 2.500 pertsonak manifestazioa egin zuten Irundik Hendaiara. Adierazi zuten «migrazio politikek hiltzen dutela, ez mugek», eta Euskal Herria «harrera herria» izatea nahi dutela.