Urriaren 19an hamabi orduko euskarazko programazioa izango dute Gasteizen

Andre Maria Zuriaren plazan egingo dute 'Gasteiz euskararen hiria': 10:00etatik 22:00etara izango da, eta hamahiru jarduera mota sartuko dituzte egitarauan.

Urriaren 19ko jaiaren aurkezpena, gaur; Nanclares, Alonso eta Uriarte. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Urriaren 19ko jaiaren aurkezpena, gaur; Nanclares, Alonso eta Uriarte. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2024ko urriaren 1a
14:00
Entzun

Gasteiz euskararen hiria izena jarri diote. Hamabi orduko egitarau bat hartuko du, eta euskaraz egingo diren hamahiru jarduera izango ditu. Urriaren 19an izango da, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, eta udal gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioaren emaitza da. Gaur egin dute aurkezpena. Euskara zinegotzi Maria Nanclares, EH Bilduko zinegotzi Maider Uriarte eta Geu elkarteko Uxue Alonso izan dira aurkezpenean.

Egungo errealitate soziolinguistikoan halakoek duten garrantzia nabarmendu du Nanclaresek, euskaraz jakin arren hura erabiltzeko aukera gutxi dituztelako gaur egun hiztun askok, eta propio sorrarazi behar direlako haiek hizkuntzara hurbiltzeko espazioak. «Aurkeztu dugun jarduera honen bidez, euskara ulertzen duten baina solturaz hizkuntza horretan komunikatzeko gai ez direnek euskara menderatzen duten pertsonekin espazioa eta esperientziak partekatu ahal izango dituzte», azaldu du.

Uriartek jaiak izango duen izaera ludikoa nabarmendu du, eta haren esanahi handia. «Ospatzeko eguna izango da, euskara ospatzekoa, eta egunez egun hizkuntza honen erabilera sustatzen, indartzen eta hauspotzen dutenei eskerrak emateko eguna. Era berean, euskara Gasteizko erdigunera eraman nahi dugu modu metaforiko eta praktikoan».

Haurrentzako ikuskizunak, herri kirolak, bertso emanaldia, antzerkia eta musika emanaldiak izango dira, besteak beste. Jan-edana ere izango da, han bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.