Urriaren 15ean erranen dute Lorentxa Beirie aske utziko duten ala ez

Frantziak uztailean euskal presoaren eskaera onartu arren, fiskalak helegitea ezarri zuen. Auziko baldintza txarrak salatu dituzte senideek

Lorentxa Beirie euskal presoaren askapena eskatzeko protesta bat, Kanbon, ekainaren 21ean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat Enekoitz Esnaola
Baiona
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Frantziako Dei Auzitegiak datorren urriaren 15ean erranen du Lorentxa Beirie euskal presoa baldintzapean aske utziko duen ala ez. Auzitegiak uztailean aztertu zuen defentsa abokatuen eskaera, eta, Beirie baldintzapean askatzeko erabakia hartu zuen arren, prokuradoreak berehalako helegitea ezarri zuen, eta presoa ez zen atera kalera. Atzoko saioan, ebazpenaren dataren berri eman zuten. Presoaren senideek salatu dute Beiriek bideokonferentziaz egin behar izan duela auzia, eta «baldintzak txarrak» izan direla.

Beiriek hemezortzi urte daramatza espetxean. Gaur egun, Roanneko (Frantzia) kartzelan dago,etxetik 700 kilometrora. Hirugarren aldiz eskatu du baldintzak aske utz dezatela; ukatu egin zioten 2013an eta 2016an.

Frederic Haranburu euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaerari buruzko ebazpena, berriz, urriaren 8an emango dute, aurreko astean iragarri zutenez. Udan, epailea hura askatzearen alde agertu zen, baina fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen. Hil honen 25ean dira aztertzekoak Ibon Fernandez Iradi presoaren suspentsio eskaera.

Frantziako Estatuan preso den beste euskal herritar baten auzia ere izan zen atzo Parisko epaitegietan: Josu Urrutikoetxearena, Korrekzionalean. 2011-2013an Osloko elkarrizketagunean ETAren egitura politikoaren ordezkari izatea egotzita, 2017an zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina sasian zen orduan, eta berriro egingo diote epaiketa. Atzorako jarri zioten hitzordua, baina ez ziren mamian sartu, prozedura kontuetan baizik. Defentsa abokatuek esan dute prozeduran akatsak direla, eta epaileak onartu egin du. Instrukzio epaitegira pasatu du auzia, eta sumarioa berriro irekiko dute, irregularitateak zuzentzeko. Horrek defentsari prozedurarako zenbait gauza eskatzeko modua emango dio. 2020ko martxoaren 17rako hitzordua ezarri du epaileak.

Herenegun, Dei Auzitegiko estradizioen instrukzioen epaitegiak erabaki zuen Urrutikoetxea baldintzapean aske ez uztea, eta abokatuak epaileen argudioen idatzia jasotzeko zain daude, ondorengo pausoak erabakitzeko. Iazko maiatzean atzeman zutenetik Parisen dute preso, La Santen.

Foro Sozialaren eskaera

Foro Sozial Iraunkorrak «salbuespeneko» espetxe politika gainditzeko dinamikak berreskuratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, prentsa ohar baten bidez. Nabarmendu du euskal gehiengo sozial, politiko eta instituzionala espetxe politikaren «normalizazioa» eskatzen ari dela, eta kezka agertu du gobernuaren osaketaren atzerapenak kartzela alorrean ekarri duen «geldialdiagatik». Hala, zehaztu du duela bi hilabete gerturatu zutela azkeneko aldiz euskal preso bat Euskal Herriko espetxe batera.

Iazko ekainean Moncloan PSOE jarri zenetik, 29 euskal preso hurbildu dituzte, eta 30 pasatu dituzte lehen gradutik bigarrenera; askoz urriagoak izan dira bestelako mugimenduak.

«Dagoeneko hamabost hilabete igaro dira Pedro Sanchez presidente denetik, eta pausoak txikiak izan dira», deitoratu du Foro Sozialak. «Gehien kezkatzen gaituena da frustrazioa eragin dutela, eszeptizismoa areagotu dutela, eta presoen senideak eta lagunak pairatzen ari diren saminari sufrimendu gehiago gehitu zaiola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.