AZPEITIA. Urriaren 11n egingo dute Azpeitian Norvegiako Statkraft enpresak Urola erdialdean eraiki nahi duen parke eolikoari buruzko batzar irekia. «Helburua da proiektuaren inguruko informazio osoa herritarrei jakinaraztea gardentasunez», azaldu zuen udalak, ohar bidez. Berretsi zuen, halaber, bertan izango direla Statkraft enpresa publikoaren ordezkariak ere, «herritarrei informazioa aurrez aurre eskaini ahal izateko».
Joan den astean atera zen Statkraften asmoen berri zenbait hedabidetan; «modu interesatuan» atera ere, Azpeitiko Udalaren arabera. Horren ostean, Alkortak azaldu zuen udala enpresarekin bildu zela, eta «aurki» emango zietela herritarrei egitasmoaren berri. Proiektuari buruzko udalaren lehen inpresioa ere eman zuen Alkortak. Azaldu zuen, batetik, proiektuaren sustatzailea Norvegiako enpresa publiko bat dela; eta, bestetik, «lehenengoz» hitz egiten duela energiaren «sozializazioaz», «demokratizazioaz» eta «lankidetzaz». Alde horretatik, herritarrek, herriko enpresek eta erakunde publikoek proiektuan parte hartzeko bidea «irekita» uzten du proiektuak, zehaztu zuenez.
Udalak, bestalde, hedabideen esku utzi du Statkraftek irailaren 16an Azpeitiko Udalari proiektu eolikoaren inguruan aurkeztutako adierazpena, era berean Errezilgo eta Zestoako udalei helarazi ziena. Horretan, Norvegiako enpresak dio «eskema berritzaileak» eskaini nahi dituela, hala nola energia gizarteratzean eta erakunde publikoekin parte hartzean.
Proiektuak sortu duen jakin-mina dela eta, Alkortak azaldu zuen oraindik «aurrelanketa fasean» dagoela, eta ziurtatu zuen erabakiak «modu partekatuan hartzeko ahalegina» egingo duela udalak.
Urriaren 11n izango da eolikoei buruzko batzarra Azpeitian
Alkateak esan du «aurrelanketa fasean» dagoela proiektua, eta «modu partekatuan» hartuko dituztela erabakiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu