Urrezko belarria, aho itxia

Orain jakinarazi denez, Nafarroako Kutxak antolatutako hitzaldietara joan eta haiek entzute hutsagatik dietak jasotzen zituzten gobernu organoetako ordezkariek.

joxerra senar
Iruñea
2014ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Hiztegiaren arabera, dieta bat da kargudun publiko batek bileratara joan edo zeregin berezietan parte hartzeagatik jasotzen duen dirua. Nafarroako Kutxak hitzaren esanahia zabaldu du. 2002tik 2011ra, CANeko gobernu organoetan parte hartzeagatik dieta izeneko ordainsari bat jasotzen zuten kontseilariek, eta diru kopuru horiek jakinarazi egiten ziren aurrezki kutxaren memorietan. Ez zen bakarra. Asteburuan Noticias taldeak jakinarazi duenez, dieta horiez gain CANek antolatutako hitzaldietara joan eta haiek entzute hutsagatik, beste dieta bat jasotzen zuten kontseilariek. Hartara, urrezko belarriak balituzte bezala saritzen zituen CANek entzuleak, eta, jakina, aretoak gainezka izatea ziurtatzen zuen.

Beste behin, Nafarroako politikari ezagunak ageri dira entzule eskertuen zerrendatan. Hain zuzen ere, epe horretan kopuru handienak Miguel Sanz CANeko presidenteak eta Yolanda Barcina kontrol batzordeko buruak jaso zituzten: bakoitzak 71.200 euro. Administrazio kontseiluko kide gehienek jasotzen zuten diru osagarri hori hitzaldietara joateagatik, eta Luis Colina Diario de Navarra argitaratzen duen enpresako zuzendariak kobratu zuen gutxien (26.800 euro).

Gainerako kontseilariek 26.000 eta 71.000 euro arteko kopuruak jaso zituzten lau urtean. Azpimarratzekoa da krisi garaian jaso zutela diru hori. Adibidez, Juan Luis Sanchez Muniain gobernuko egungo eledunak 47.650 euro jaso zituen, Carlos Garcia Adanero UPNko eledunak 30.800 euro, Jose Antonio Sarria CEN patronaleko buruak 49.100 euro; Jose Antonio Asiain CANko presidente ohiak 64.000 euro; Juan Cruz Allik 47.100 euro; CCOOko Alberto Ameskoak 51.400 euro.

Orain ezagutarazi den beste datua da CANeko kontseilu nagusira joategatik ere diru sariak jasotzen zituztela —kontseilu nagusia biltzar moduko bat zen; CANeko organo gorena zen, eta urtean behin edo bitan bitzen zen—. Kasu horretan, 2007tik 2011ra Sanzek eta Barcinak 12.300 euro jaso zituzten.

Hori guztia aurretik orain arte jakinekoa zenarekin elkartu behar da. Izan ere, dieten gorazarre betea zen desagertutako Nafarroako Kutxa. Adibidez, CANek erositako enpresen partaidetzak kudeatzen zituen Hiscan Patrimonios holding-eko administrazio kontseiluan ere dieta gehiago kobratzen zituzten, eta hango kontseiluan eseri ziren urte luzez Barcina, Sanz, Juan Cruz Alli, Francisco Iribarren presidenteorde ohia, Jose Andres Burguete…

Aurretik jakinekoa zena

Legealdian, Nafarroako gizartea asaldatu duten beste dietak geratzen dira. 2010eko estatutu aldaketaren ondorioz, politikariak CANeko aginte organoetatik atera ziren, eta Erakunde Sortzaileen Batzordea izeneko organo aholku-emaile bat sortu zuten. UPNko politikari eta PSNko politikari esanguratsuek egunean dieta hirukoitzak ere jasotzen zituzten.

Hori guztia aski ez, eta Sanz, Alvaro Miranda kontseilari ohia, Barcina eta Enrique Maia Batzorde iraunkorra izeneko organoan eseri ziren. Erakunde hori estatutuetan ez zetorren zehaztuta, eta Iruñeko Instrukzio Epaitegiak ikertu zituen dietak: eroskeria desegokia delitua egon zitekeela arrazoitu zuen, baina Auzitegi Gorenak atzera bota zuen tesia iaz, eta auzia itxi egin zen.

Nafarroako Kutxak urteroko kontuetan administrazio kontseiluko hainbat egituratan kontseilariek jasotzen zituzten diru sariak argitaratzen zituen. Dena den, txosten horietan, gobernu organoetara «joateagatik jasotako dietak» zehazten ziren soilik, eta, guztira, 2004tik 2011ra, CANek 3,1 milioi euro gastatu zituen. Hala ere, horrez gain, bere karguagatik beste ordainsari bat jasotzen zuten kontseilariek, eta hori ez zuen jakinarazten CANek kontuetan. Hala, jasotako diru gehiena iritzi publikoaren bizkar jasotzen zuten.

Zenbat? Dieta guztiak elkartuta, poltsa osoa, gutxienez, 8,3 milioi eurokoa da. Hamarkada batean, faktura hori utzi zion CANi bere kontseilariak saritzeak. Trukean, administrazio kontseiluan esertzen ziren politikariek zein gainerako ordezkariek baiezkoa eman zioten Enrique Goñik zuzendutako zuzendaritza taldeari. Goñik berak 2005tik kontratua blindatua zuen, eta, bost urteren buruan, 500.000 euro ez, milioi bat euro kobratzean hasi zen. Zuzendaritza taldean ere soldatak nabarmen igo ziren. Ordainsari eta dieta horiek guztiak garesti atera zitzaizkion CANi, kontseilari bakar batek ez zuelako kudeaketa kritikatu edo zalantzarik txikiena ere planteatu.

Diru kopuruak zehazteaz eta hartara mundu guztia kontentizateaz arduratzen zen Ordainketa eta Langileriaren Batzordea. Hango kide izan ziren modu iraunkorrean Ricardo Marti Fluxa kontseilari ohia eta Barne Ministerioko estatu idazkari ohia (1996-2000) eta Jose Antonio Asiain Urralbururen gobernuko presidenteorde ohia. Hain justu ere, Fluxa bera zen Savialogos izeneko jardunaldietan hitzaldi gehien eman zituztenetako pertsonetako bat. CANek Espainiako eta munduko ekonomista entzutetsuak kontratatzen zituen jardunaldi horietarako. Horien faktura, kasurako, oraindik ez da jakinarazi.

Entzule gisa dirua jaso zutenetako bat izan zen Sanchez Muniain, baina herenegun garrantzia kendu zion aferari. «Aitortuta zeuden sariok, eta dena araututa». Parlamentu taldeek azalpenak eskatu arren, UPNk eta PSNk entzungor egin zuten. Hitzaldiak entzuteko urrezko belarriak zituzten, baina azalpenak emateko ahoa itxia dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.