«Urretxindorra ikastolan betidanik jakin izan dugu; haren ikasleak izan baino lehenago jakin genuen nolakoa zen gizon hori, eta zer gauza egiten zituen. Pederasta bat da». Argi mintzatu dira Bilboko ikastola horretako ikasleen eta ikasle ohien taldeko bozeramaileak. Adierazi dute kasua berriki zabaldu dela sare sozialetan eta hedabideetan, baina ikastolako «irakasle, ikasle eta guraso guztiek» zutela horren berri, eta ikastolak 30 urtez «saldu duen irudia» ez dela egiazkoa.
Bozeramaileek azaldu dute ikastolako egungo zenbait ikaslek sinadura bilketa bat abiatu zutela eraso horiek salatzeko, eta 140 sinadura bildu zituztela. Zuzendaritzari helarazi zizkioten gero, baina erantzuna ez zen esperotakoa izan, bozeramaileek azaldu dutenez: erran zieten orain hiru urte gertatutako erasoek preskribatu zutela, eskatu zieten erasoa jasan zuten adingabeen izen-abizenak emateko; eta adierazi ikastetxeak ez ziela horren berri emanen gurasoei, testigantza «anonimoak baino ez zirelako». «Zuzendaritzaren lana ez da egia edo gezurra den jakitea: protokoloa aktibatzea eta ikasleak babestea da haien lana», zehaztu dute.
Gehitu dute ikastolak azken kasuen berri izatean hau erantzun ziela ikasleei: «Gizona hiru urtean aldatu ahal izan dela, eta gertatutakoa kanpora ez zabaltzeko, ikastetxean konponduko zutela».
Ikastolarekin mintzatu da BERRIA: adierazi dute protokolo bat martxan jarria dutela, eta kasua hezkuntza ikuskaritzarekin eta Ertzaintzarekin lantzen ari direla; «horren araberako pausoak emango ditugu». Sinadura bilketarekin izandako jarrerari buruz galdetzean, adierazi dute «zarata handia» dagoela gai horren inguruan, eta egun protokoloa aktibatuta dagoela errepikatu. «Erabakiak protokoloaren arabera hartuko ditugu, eta erreparazio prozesua abiatuko dugu ikasleekin eta irakasleekin».
Irakaslea ez da ikasgelatan arituko, ikastolaren erranetan, «alboratuta» dagoelako. Ikasleen eta ikasle ohien taldeko bozeramaileek zehaztu dutenez, ordea, irakasle hori ez dago lanean «baja boluntarioa» hartzea erabaki duelako. Alde horretatik, bozeramaileek erran dute beren helburua ez dela irakaslea ikastola horretatik kanporatzea, hezkuntza sistematik kanporatzea eta ipuin kontalari izateari uztea baizik —irakaslea ipuin kontalaria ere bada—: «Ez dezala harremanik izan umeekin».
Irudia
Bozeramaileek diote «inpunitatea» oinarrizkoa izan dela erasoak 30 urtez gertatzeko: «Abusatzaile batek ahal duelako abusatzen du, eta hori babesaren ondorio da: irakasleen eta zuzendaritzaren babesarena». Izan ere, haien irudiko, ikastolak bere irudia babestu nahi izan du, «ez ikasleen ongizatea edo integritatea». Horri lotuta, gogora ekarri dute orain hogei urte erasoak salatzeko egindako saiakera bat: «Gutun bat idatzi genuen, sinadurak biltzen saiatu, eta orduko zuzendaritzari ematen ahalegindu ginenean, esan ziguten kanporatu egingo gintuztela».
Adierazi dute hori baino bortz urte lehenago bertze ikasle talde batek pintaketa bat egin zuela ikastetxean, eta, haren bidez, irakaslearen erasoak salatu. «Bidaia batean, irakaslea gela batera sartu zen neskak aldatzen ari zirenean; kamera bat zuen eskuan. Neska horietako baten gurasoek horren berri eman zioten ikastetxeari, eta ikastolara joan ziren. Ikastolakoek konpondu zuten, baina ez dakigu nola, eta horregatik egin zuten pintaketa».
Bestalde, bozeramaileek erran dute erasoak zuzenean pairatzen ez zituzten neskek ere irakasle horren zigorrak jasaten zituztela, notetan eta kanporaketetan. Azaldu dute neska horiek «gauza bihurtzen» zituela: «Ez zaitut desio; orduan, mespretxatu egingo zaitut». Abusuak jasaten zituzten horiei, ordea, «mesedeak» egiten zizkiela diote, baina hori «bullying» bihurtzen zela azkenean: «Oso gogorra zen dena».
Gehitu dute halako pasadizo anitz daudela, eta ikasleen erantzun bat, kexa bat bazela beti tartean; «eta horien bueltan zetozkigun zigorrak». «Oso perbertsoa zen dena».
Mutilek zer rol zuten galdetuta, azaldu dute horietako batzuk dinamika horietan sartzen zituela: «Komentario lizun asko egiten zituen, mutilen konplizitatea lortzeko, eta horrek dinamika oso misoginoak sortzen zituen».