Koronabirusa. Txusma Azkona. Oinherri herri hezitzaileko kidea

«Urratu egin dira haurren eskubideak, eta berriz ere ez zaie ahotsik eman»

Azkonak azpimarratu du jendearen «haserrea» ikusita erabaki dutela atzera egin eta paseoak baimentzea. «Pozik» egon arren, zehaztasunak falta direla esan du, eta «tentuz» erreparatu behar zaiela hurrengo erabakiei.

BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Haurren ahotsa eta beharrak kontuan hartzeko eskatzeko, adierazpen bat eta bideo bat kaleratu ditu Oinherri herri hezitzaile taldeak, baita hilaren 26rako haurren aldeko txalo zaparrada antolatu ere. Bertako kidea da Txusma Azkona (Donostia, 1965). 14 urte artekoei ateak ireki dizkiete, baina nerabeen beharrak ere kontuan hartu behar direla esan du.

Nola baloratzen dituzue iragarri berri dituzten baldintzak?

Argi dago orain atzera egin dutela. Ezinezkoa zen sortu duten algara hau ez entzutea; jendea oso haserre zegoen. Oraindik ez da asko zehaztu; paseoa bai, baina paseoa ulertuta aire librean, hori zen gure eskaeretako bat. Pozik alde batetik, baina tentuz jarraitu behar dugu ea zer erabaki hartzen dituzten.

Paseo horiek zer baldintzatan egitea eskatzen duzue?

Uste dugu oso erraza dutela, Euskal Herrian behintzat. Gainera, hiri handietan kenduta, oso erraza da naturarekin harremana edukitzeko aukera izatea. Besteekin harremandu gabe, aukera izan dezatela korrika egiteko, salto egiteko... benetan etxean egin izan ez dutenaren beharrak asetzeko.

14 urtez azpikoentzat izango da.

Tristea da oraindik ez ulertzea nerabeen beharrak. Baditugu egunak aurre egiteko, eta nerabeek ere agian beste bide batzuk hartu ditzakete kalera atera ahal izateko, zertxobait bederen.

Umeen ahotsa errespetatzeko eskatzeko adierazpen bat osatu duzue. Nondik dator ideia?

Urteak daramatzagu haurren eskubideen eta haurrei eta nerabeei hitza emateko ideiekin, eta lan horretatik eta momentu honetan konfinamenduaren inguruan bizi den egoeratik ikusten ari ginen ukatu egin zaizkiela eskubideak, urratu egin direla haurren eskubideak, eta agian larriena, berriz ere ez zaiela ahotsik eman. Bururatu zitzaigun egokia litzatekeela haurrak zoriontzea ere.

Behar batzuk aipatzen dituzue adierazpenean.Zein dira?

Batetik, hitza ematea. Uste dugu haiengan eragin handia daukaten erabaki batzuk hartzen direneanhaien ahotsa ere entzun beharko genukeela. Hor dago lehenengo kontua: haurrak ikusgai bihurtzea, ahotsik gabekoei ahotsa ematea. Badira beste eskubide batzuk askotan ez direnak kontuan hartzen: tartean, jolasteko eskubidea. Askotan mugitzen den kontzeptu bat da haurrak etorkizuna direla, eta gure ustez ez dira etorkizuna bakarrik, oraina ere badira. Orain subjektu aktibo moduan ere kontuan hartu beharko lirateke.

Zer gabezia sumatu dituzue umeengan?

Atera dugun idazkian, hainbat adituk azaltzen dute zer gabezia edo ondorio izan dituzten: tristura, jateko eta lo egiteko arazoak… Argi dago haurrak ere gizaki sozialak direla eta besteekin harremanak izatea beharrezkoa dela; hori ezin izan dute eduki.

Haurrak subjektu aktibo gisa aldarrikatzen dituzue. Zer dago horren atzean?

Badugu Italian [Francesco]Tonucci pedagogoaren bidez eredu oso interesgarria. Han hiri askotan sortzen dira haurren batzordeak, eta horietan hitza daukate eta euren iritziak eta pentsamoldeak erabaki zentroetara iristen dira. Iruditzen zaigu halako zerbait sortu beharko genukeela.

Zertan oinarritzen zarete esateko kalera atera behar dutela?

Konfinamenduak sortu dituen ondorioak haurrengan nahiko larriak direla edo izan direla ikusi dugulako. Bestalde, fake bat sortu da esaten zuena haurrek gehiago kutsatzen dutela gaixotasuna, eta ez da egia. Aukera badago lan batzuetara edo supermerkatura joateko, zergatik ez, neurriak hartuta eta baldintza egokiak izanik, haurrak kalera atera eta behar horiek asetzeko aukera eman?

Honek zer irakaspen utzi ditzake etorkizunerako?

Iruditzen zaigu beste bide eta tresna batzuk erabili behar direla haurrekin ditugun harremanetan, eta ahotsa eta hitza eman haurrei eta nerabeei. Normaltasun berri bat sortu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.