Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio diagnostiko bat egin dezala, indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko bideak aztertzeko. Horretarako, oinarri hartuko dituzte azken urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako emakumeen eta haurren hilketa matxistak, etaaintzat hartuko dituzte haien senide eta ingurukoak.
Diagnostikoak mugimendu feministaren eta adituen ekarpenak jasoko ditu, eta helburua izango da «dokumentu partekatu bat egitea, erreparazio planak egiteko printzipioak eta jarraibideak modu koordinatuan ezarriko dituena erkidego, foru eta udal mailan garatzeko».
EH Bilduk egin zuen proposamena, «erreparazio eskubidearen inguruko plan bat sortzeko bidean», eta, batez ere, biktimen gertukoen beharrizanak identifikatzeko. Horri osoko zuzenketa aurkeztu zioten EAJk eta PSE-EEk; haien asmoa zen zehaztea diagnostiko horrekin «dokumentu partekatu bat» sortu behar zela, indarkeria matxistaren biktimentzako arreta koordinatzeko erakundeen arteko III. Akordioaren esparruan. Osoko bilkura hasi aurretik, hiru alderdiak ados jarri dira, eta erdibideko zuzenketa bat aurkeztu dute, bi proposamenen eduki nagusiak jasotzen zituena. Vox ez beste talde guztien babesa jaso du proposamenak, eta onartu egin dute.
«Feminismo gehiago»
EH Bilduko Oihana Etxebarrietak aurkeztu du proposamena. Gogorarazi du 2003tik 70 emakume eta sei haur hil dituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarkeria matxistaren eraginez, eta nabarmendu du beharrezkoa dela «prozesu kolektibo, eraldatzaile eta erreparatzaileak» abian jartzea: «Jendarte matxista batean bizi gara, emakumeak bigarren mailako nahi eta behar gaituen sistema batean. Eta, horri aurre egiteko, legeak behar ditugu, baliabide instituzionalak, aurrekontuak eta, nola ez, feminismo gehiago».
PSE-EEko Patricia Campelok gogora ekarri ditu feminismoaren arloan erakundeek hartutako neurri guztiak: «Begien bistakoa da aurrera egin dugula; eta hori bezain argia da aurrera egite horrek kontrako erreakzioak ekarri dituela. Berdintasun politiken indar guztia behar dugu horri aurre egiteko».
Ildo beretik jo du EAJren Marijo Etxegoienek. Nabarmendu du erreparazioa «diru ordaina» baino askoz gehiago dela, eta «eskubide konplexua» dela: «Ikuspegi integrala behar da, eta kasu bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartzea».
PPk ere osoko zuzenketa aurkeztua zion EH Bilduren proposamenari, nahi zuelako diagnostikoan, indarkeria matxistaren ondorioz hilak ez ezik, horretatik bizirik atera direnak eta haien gertukoak ere aintzat hartzea. EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk adosturiko erdibideko zuzenketan ñabardura hori jasotzen zela iritzita, proposamenarekin bat egingo zutela iragarri du Alder Popularreko Laura Garridok. Sumarrek ere babestu du proposamena.