Miren Zabaleta: «Urrats historikoa da, orain arte ezinezkoa zena posible egiten baitu»

PSNrekin lortutako akordioaren garrantzia azpimarratu du Zabaletak, Iruñean «orain arte egon den anomalia bat apurtu baitu». Balioa eman dio urteetan elkarri bizkarra eman dioten bi indar ados jarri izanari.

Miren Zabaleta
Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzailea
joxerra senar
Iruñea
2023ko abenduaren 23a
05:00
Entzun

Negoziazioetako ohiko gorabeherak bizi izan ditu Miren Zabaleta EH Bilduko Nafarroako koordinatzaileak (Iruñea, 1981). Iruñean eta Nafarroan bolo-bolo zebilen zentsura mozioa jarriko zutelako zurrumurrua, eta presio puntu horrekin aurre egin behar izan die elkarrizketei: «Guretzat, balio handikoa da PSNk eta EH Bilduk zer-nolako errespetua, diskrezioa eta zintzotasuna izan dugun elkarrizketa hauek egiteko. Ondo joan dira», nabarmendu du. Pozik dago emaitzarekin.

Orain zergatik egin ahal izan da ekainean posible izan ez zena?

Akordio politiko bat egon delako EH Bilduren eta Alderdi Sozialistaren artean. Nafarroa mailakoa da, eta Iruñea dauka erdigunean.

Akordioa Nafarroa mailakoa dela diozu. Zer esan nahi du horrek? Bi alderdien arteko harreman hori sendotzen al du?

Bai, orain arte egon den anomalia bat apurtzen du. Nafarroan, EH Bilduk erabaki estrategiko bat hartu zuen 2019tik aurrera; nahiz eta Nafarroako Gobernuan parte hartu ez, eskuinen alternatiba zen gobernu bat sustatu zuen. Ordutik, ibilbide oso bat egin da gehiengo aurrerakoi horien eskutik. Berdin gertatzen ari da estatuan. Iruñearen kasuan, anomalia bat zegoen gehiengo horien artikulazioan. Ibilbide horri lotuta, baleko urratsa zen Iruñean ere aldaketa gauzatzea. Urrats historikoa da guretzat, orain arte ezinezkoa zena posible egiten baitu. Eta urrats historiko horrek aro berri bat ireki du Iruñerako.

Urrats historikotzat jo duzu. Zer balio ematen diozue PSNk halako akordio bat egin izanari?

Gure ustez, balio politiko handikoa da. Hainbat hamarkadaz elkarri bizkarra emanda aritu diren bi kultura politiko desberdin ordezkatzen ditugu, eta, orain, urrats bat egin dugu lana eta bizia Iruñean egiten ditugunon hobe beharrez, prozesu politiko eta historiko baten barruan.

Ba al du loturarik Pedro Sanchezen inbestidurarekin?

Ez. Batak ez du harremanik bestearekin. Akordio honen negoziazioak Pedro Sanchezen inbestiduraren ostean azkartu eta garatu ziren bereziki, eta Nafarroa mailan egin dira.

2019tik, pazientzia estrategikoa aldarrikatu du EH Bilduk. Pazientzia hori legitimatzen du akordioak?

EH Bildu planteatzen ari den estrategia eta lerro politikoa, horixe legitimatzen du. Onurak ekartzen dizkio Nafarroako eta Iruñeko jendarteari, gai baita bestelako gobernua eta politika alternatiboak planteatzeko, urteetan gobernatu duen eskuinak ez bezalako politikak egiteko.

«UPNren gobernuak ezintasunak izan ditu gainerako guztiekin akordioak erdiesteko, eta mespretxuz aritu da»

Azaldu izan duzu Iruñeko Udalaren diagnostiko komun bat izan dela abiapuntua. Zein da diagnostiko hori?

Iruñea paralisi eta blokeo egoera batean aurkitzen da. Lau urte daramatza aurrekonturik gabe, UPNren gobernuak ezintasunak izan ditu gainerako guztiekin akordioak erdiesteko, eta mespretxuz aritu dira. Udal taldeen arteko diagnostiko partekatu hori begi bistakoa izan da azkeneko urteetan. Urte politiko honen hasieran egindako diagnostiko horretatik abiatuta, aurrera begirako erronkak planteatu genituen, eta Sanchezen inbestiduraren ostean hasi ginen beltza zuriaren gainean jartzeko ariketa horretan.

Zertan lagundu du udal taldeen arteko sintoniak?

Lankidetza ona izan da, eta horrek, noski, erraztu egin ditu gauzak. Egon da eta badago elementu bat oso determinantea: jendeak eskatu du alderdi aurrerakoi guztiak ados jartzeko. Azken hilabeteetan oso nabarmena izan da eskari hori. Eta parean, ezintasun eta mespretxu handiarekin aritu da eskuina. Uste dugu, batetik, eskari hori bete dugula. Bestetik, argi dago boto gehien bildutako indar aurrerakoiak sustatu behar duela gainerakoekin elkarlanean aritzea.

Ziurtatuta al zegoen zentsura mozioa izango zela?

Ez.

Non egon dira zailtasunak, korapiloak?

Ez dira zailtasunak. Esango nuke korapiloak egon direla etorkizuneko aro berri baterako erronkak finkatzeko. Modu propositiboan planteatutako erronkak izan dira. Akordioan, hiru lerro planteatzen dira: batetik, hainbat konpromiso eta planteamendu Iruñea elkarbizitzaren hiria izan dadin; bestetik, hiria hobetzeko eta herritar guztien zerbitzura egoteko hainbat proiektu; eta bukatzeko, horretarako jarri beharreko mekanismoak eta bitartekoak. Urte luze hauetan, gauza asko aurreratuta zeuden, udal taldeen arteko lankidetzari eta gehiengo aurrerakoien eskariei jarraikiz.

Printzipioei dagokienez, Ikurren Legea errespetatzeko konpromisoa hartu du Iruñeko Udalak. Ikurrinaren aldarrikapena non geratzen da hor? Arazoak sor daitezke?

Ez du zertan arazorik ekarri. Konpromisoa hartu dugu indarrean dagoen lege bat beteko dela sustatzeko. Hortik aurrera ez izan zalantzarik EH Bilduk lan egingo duela beste lege bat egon dadin Nafarroan. Ohartzen gara –eta horrela bizi dugu guk geuk ere– Iruñean badaudela sentimendu ezberdinak eta sinboloekiko atxikimendu desberdinak. Beraz, bereizten dugu nolabaiteko plano instituzional bat, udalari dagokiona, eta plano horretan legea betetzera konprometitu gara. Gure ustez, ez dago kontraesanik.

Biktimei memoria, justizia eta erreparazioa bermatzea aldarrikatu duzue. Konpromiso soil bat da, ala urratsak egingo dira?

Gure konpromiso politikoa zera da: behar den duintasunarekin eta behar den memoriarekin aitortuak –eta ez umiliatuak– izan behar dutela bortxakeriaren biktima izan direnek. Horretan ahalegina egin behar dugu. Hortik aurrera, konpromisoa hartzen dugu, Nafarroako Gobernuak egingo duen elkarbizitzaren plan berriari lotuta, Iruñeko Udalak bizikidetza plan propioa egin dezan, baita alkatetzari lotutako pertsona bat izenda dezan ere: urtero bizikidetzaren inguruko informe bat egingo du. Guk nahi dugu Iruñea elkarbizitzaren hiria izatea etorkizunari begira, baina, horretarako, atzera begiratu behar da, eta biktima guztiek izan behar dute bere aitortzarako, errekonozimendurako eta duintasunerako espazio bat.

Euskararen sustapena ere aldarrikatzen du itunak. Zer tarte izango du Asironek?

Euskarari dagokionez, konpromiso politikoa toki onetik abiatzen da. Iruñeak bi hizkuntza dituela onartzen da; euskara hizkuntza gutxitua dela nabarmentzen da, eta Iruñeko herritar guztien kultur ondarea dela ere bai. Hortik aurrera, saiatuko gara adostasun ahalik eta zabalenak lortzen, eskariaren eta errealitatearen arabera aurrera egiteko. Euskara sustatzeko konpromisoa jasotzen da. Urratsez urrats joan beharko da zehaztuz, baina aurrerapen handia da bere hartan, orain arte izan dugun udal euskarafoboaren aldean. Elkar ulertzeko giro honetan, udalak asko egin dezake euskararen alde, eta asko dago egiteko udaletik kanpo ere. Albiste ona da euskaltzaleentzat ere.

«Elkar ulertzeko giro honetan, udalak asko egin dezake euskararen alde, eta asko dago egiteko udaletik kanpo ere. Albiste ona da»

Ez da lehen aldia EH Bilduk Iruñean gobernatuko duena. Espektatibak nola kudeatuko dira?

Esaldi bat errepikatzen dut: sutsuki baikorrak eta erradikalki pragmatikoak.

Gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta PSN ez da udal gobernuan egongo. Zer jarrera izatea espero duzue?

Erabaki honek ziurtasuna eta egonkortasuna ematen dizkio Iruñeari, eta agintaldi honetatik aurrera askoz ere luzeagoa den bide bat ere irekiko da. Hau ez da bigarren buelta bat. Hau aro berri baten irekiera da. Urte luzeetarako norabide bat da.

Hasieran, eskuina aurrean izango da. Oso-oso gaizki hartu dute aldaketa. 

UPN boterea galtzen ari da. Oposizioa geratzen zaio. Espero dugu, jendearen hobe beharrez, burua ez galtzea. Erreakzio bortitz honetan,alderdiaren haserrea lehenesten ari dira, eta ez horrenbeste herritarren beharrak. Hil ala biziko momentu bat bizi dugula zabaltzen saiatu dira, eta ikusi dugu Nafarroako eta Iruñeko jendearen artean mezu horrek ere ez duela beste garai batzuetan izan duen pisua. 

«Hau ez da bigarren buelta bat. Hau aro berri baten irekiera da. Urte luzeetarako norabide bat da»

Zuen aurkako tonua gogortu izanak kezkatzen zaituzte?

Onartezinak dira EH Bilduren aurkako hainbat jarrera, PSNko ordezkari batzuekin hartutako jarrera bortitzak bezainbeste. Ez gaude zarata elikatzeko. Gu aurrera begira gaude, eta egin nahi dugun bideari eutsiko diogu. 

Zentsura mozioak are agerikoago egin du haien krisia?

Bai, alderdi sistemikoa da, eta alderdi sistemiko gisa, boterea galtzeak zarata eragin du bere baitan. Nabaria da garai desberdinetan estrategia politiko desberdinen proposamenak egiten dituztela. Eragin ahalmena apaltzen ari zaien honetan, nabarmena da ez dakitela nondik jo: probatzen ari dira, toki batetik edo bestetik abiatu. Iruditzen zaigu Esparzaren ondorengo trantsizioa modu ordenatuan edo ez hain ordenatuan egitea dagoela jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.