35 urte iraun zuen urruntze politikak, eta tarte horretan ehunka kilometro egin behar izan dituzte euskal presoen familiek eta senideek. Etxerat elkartea horien ondoan egon da urte horietan guztietan, eta orain «fase berri batean» daudela azaldu du Gorka Garcia taldeko koordinatzaileak (Getxo, Bizkaia, 1968).
Izan ere, 2023ko martxoan amaitu zen sakabanaketa, eta Euskal Herriko kartzeletara ekarri zituzten preso horiek guztiak. Ordea, «salbuespen legeak» indarrean jarraitzen duela azaldu du, eta guztiak etxean izan arte lanean segituko dutela. Hala, Sarerekin elkarlanean, mobilizazioak eginen dituzte bihar eguerdian Hego Euskal Herriko sei hondartzatan.
Atzera begiratuta, zer ondorio izan ditu sakabanaketa politikak presoen familia eta senideengan?
Sakabanatze politikak izugarrizko gastua eragin du familietan. Ezin dugu ahaztu 35 urte iraun duela politika horrek, eta, tarte horretan, Espainiatik eta Frantziatik barrena bidaiatu behar izan dugu presoen senide eta lagunok. Gainera, garai jakin batean penintsulatik kanpo ere egon dira presoak, eta horrek esan nahi zuen irletara ere bidaiatu behar zela. Beraz, gastu ekonomikoa oso-oso handia izan da. Fisikoki ere ondorioak izan ditu, noski. Askotan, bidaiak ostiralean hasten ziren eta igandean amaitzen, 40 minutuko bisita batzuetarako.
Bidaia horietan hildakoak ere egon dira.
Bai, eta sufrimendu oso handia ekarri dute bidaia horietan izandako istripuek: hamasei hildako egon dira, eta zaurituak ere bai. Alde horretatik, sakabanaketa politika hori diseinatu zuenak publikoki esan du beraiek «terrorismoaren kontrako politika» izendatzen dutenaren barruan egin zutela, sufrimendua eragiteko. Horregatik, guk pentsatzen dugu noizbait norbaitek aitortu beharko duela egindako min hori, eta sakabanaketaren hamasei biktima horiei aitortza egin.
Horrez gain, ezin dugu ahaztu euskal preso horiei aplikatu zaien espetxe politikagatik 35 pertsona hil direla kartzeletan; arreta medikoaren faltagatik, adibidez.
«Pentsatzen dugu noizbait norbaitek aitortu beharko duela egindako min hori, eta sakabanaketaren hamasei biktima horiei aitortza egin»
Joan den urteko martxoan amaitu zen sakabanaketa politika. Nolakoa izan da urte hau?
Senide eta lagunentzako askapen handia izan da: Martutenera [Donostia] joan daitezke bisitan, eta segituan etxean daude berriz. Sakabanaketa indarrean zegoenean, presoak kezkatuta zeuden senideek euriarekin, elurrarekin edo beste edozein baldintzatan mugitu behar zutenean. Badakigu, gainera, senide horietako askoren garraiobideei eraso egin dietela. Orain, baldintzak askoz hobeak dira, eta senideek gainetik kendu dute sakabanaketaren pisu hori.
Familiek pisua gainetik kendu dutela diozu. Eta nola daude preso horiek? Zer baldintza dituzte orain?
Sakabanaketaren amaiera bakartze erregimena amaitzearekin batera etorri da. Izan ere, gure senide eta lagunek, sakabanaketa politikaz gain, bakartze erregimena ere pairatu behar izan dute. Orain, gehienak bigarren graduan daude, eta batzuk, hirugarren graduan edo 100.2 delakoan: egunero kartzelatik atera, lanera edo dena delakoa egitera, eta gero espetxera itzultzen dira lo egitera.
Eta zein da zuen zeregina orain?
Beste fase batean sartu gara orain, non presoa gutxinaka-gutxinaka etxera itzultzea den helburua. Lehen, arreta bidaietan jartzen genuen; orain, familiak artatzen jarraitzen badugu ere, aldarrikatzen dugu gizarte honetan ez dadila egon euskal preso politiko gehiagorik. Guk eskatzen dugu lege arruntaren aplikazioaren bidez presoek kartzela ibilbide bat egin dezatela, eta kalera atera.
«Lehen, arreta bidaietan jartzen genuen; orain familiak artatzen jarraitzen badugu ere, aldarrikatzen dugu gizarte honetan ez dadila egon euskal preso politiko gehiagorik»
Salatu duzue sakabanaketa bai baina salbuespen legeak ez direla amaitu. Hori da hurrengo erronka?
Hori da. Euskal Herriko kartzeletan daude, bost izan ezik, Frantziako kartzeletan baitaude. Kartzeletako tratamendu batzarren zaintzapean daude, eta beren gaineko erabakiak hartzen dituzte, zeinak Eusko Jaurlaritzak berresten dituen. Baina salbuespen legeak aplikatzen zaizkienez, Madrilgo Auzitegi Nazionalaren esku daude. Guk uste dugu salbuespen lege hori bestelako testuinguru politiko batean egin zutela, eta gaur egun aplikatzeari utzi behar diotela. Uste dugu logikoena dela presoak beren epaile naturalaren esku egotea, ez duelako inolako zentzurik Auzitegi Nazionalaren esku egoteak.
Hori lortzeko funtsezkoa al da gizartearen mobilizazioa?
Mobilizatzea garrantzitsua da, noski. Urte asko daramatzagu hondartzetako ekintzak egiten, eta aurten erakutsi nahi duguna zera da: urrats garrantzitsuak egin direla, baina bidea egin behar dugula euskal presorik gabeko gizarte baterantz. Badirudi sakabanaketa amaitzean arazoa konponduta dagoela, baina guk erakutsi nahi dugu ezetz, oraindik presoak badaudela eta haien eskubideak aitortuak izan daitezen lanean jarraitu behar dugula.