Brian Currin abokatu hegoafrikarrak «adierazpen iraultzaile eta funtsezkotzat» jo du EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik eta Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek atzo plazaratutakoa. Foro Sozial Iraunkorrak, berriz, «garrantzitsu eta beharrezko» gisa definitu du. Hala, biek ere adierazpenari «dagokion balioa» emateko eskatu diete gainerako eragile politikoei. «Benetan espero dut denek ongi hartzea onarpen agiri hori, Euskal Herrian eta Espainia osoan, bake iraunkorrerako eta adiskidetzerako urrats esanguratsu gisa», azaldu du Currinek. Espainiako eskuin unionistak izan ezik, hala hartu dute gainerakoek, eta, ezker abertzaleari pauso gehiago eskatu dizkioten arren, «positibotzat» jo dute erabakia.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «aurrerapauso bat» dela adierazi du, eta ontzat jo ezker abertzaleak ETAren biktimenganako «gertutasuna» azaldu izana. Halere, lehendakariaren hitzetan, ez da nahikoa, eta «biktimen eta gizartearen mina eragin zuen indarkeriaz» ez hitz egitea kritikatu die Otegiri eta Rodriguezi. Hori soilik ez, agerraldia bera beharrezkoa ez zela ere uste du: «Ez da beharrezkoa, eta are gutxiago amaitzen den bezala amaitzen den bost puntuko adierazpen bat egiteko; esanez gainditu gabeko irakasgai bat dugula gatazkaren kausen konponbidearekin»,
Bide beretik, EAJko Euzkadi Buru Batzarrak uste du «urrats txiki eta eskasa» dela emanikoa, «elkarbizitza berri bat eraikitzeko eta ETAren biktimei erreparazioa emateko» ekarpen bat den arren. Batetik, hamar urte itxaron izana gaitzetsi dio ezker abertzaleari; bestetik, exijitu dio mina «bidegabea» izan zela adierazteko.«Txarretsi behar dugu ezker abertzaleak, berriz ere, esan gabe utzi duela ETAk eta hamarkadetan babesa eman zion munduak eragin zuten mina bidegabea izan zela», dio argitaratutako mezuak.
PSE abegikorrago azaldu da adierazpenarekin. Alderdiko bozeramaile Eneko Anduezak «ospatu» egin du hura: «Espero dugu eragindako minaren eta sufrimenduaren aitortza zintzoa izatea».Hark bezala, emaniko pausoaren garrantzia nabarmendu du PSOEko Antolakuntza idazkari Santos Cerdanek ere: «Kaltearen eta minaren aitortza ezinbesteko pauso bat da. Zauriak sendatzeko ibilbidea gogoratu behar dugu». Hala azaldu du, berriz, Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta PSOEko Memoria Demokratikorako idazkari Patxi Lopezek: «Badakigu zenbat kostatzen zaion mundu horri [ezker abertzaleari] urratsak egitea, eta, gaur [atzo], demokratok urte askoan eskatu dugun urrats bat egin dute». Haren esanetan, nabarmendu beharrekoa da atzoko adierazpenaren balioa, kontrakoa argudiatu nahi duten «zoritxar igarleen» aurrean: «[Aurrerapausoa] ukatzen dutenek egia osoa ukatzen dute, kalkulu politiko lotsagarri baten mesedetan».
Hitz horiekin, Espainiako eskuin unionistari egin dio erreferentzia Lopezek. Izan ere, EAEko PPko presidente Carlos Iturgaitzek «nazkagarritzat» jo ditu Otegiren eta Rodriguezen hitzak, eta «biktimei barre egitea» leporatu die. Mari Mar Blanco alderdikideak, berriz, argitu gabeko kasuetan jarri du jomuga: «Ez sentitu hainbeste, eta hasi txalotzen zenituen hilketak banan-banan gaitzesten; eta lagundu ebazpenik gabe dauden ETAren 300 krimen baino gehiago argitzen».
Antzeko mezuak plazaratu dituzte Voxek eta Ciudadanosek ere. Voxeko presidenteorde Jorge Buxadek adierazi du ez dituela sinesten ezker abertzaleko buruzagien hitzak; eta Ciudadanoseko buru Ines Arrimadasek, «ETA zuritzeko» trikimailu bat dela. UPNko zuzendaritza ez da gutxiago izan, eta «biktimak iraintzea» eta «ETA laudatzea» leporatu die.
Alderdi horien adierazpenek bat egiten dute biktimen hainbat elkartek esanikoekin. Adibidez, AVTk ETAren «bozgorailu politiko» gisa eginiko lana gaitzesteko eskatu dio Otegiri, eta «justiziarekin kolaboratzeko» exijitu. Dignidad y Justicia elkarteak, berriz, «gezurra» esateaz akusatu du EH Bilduko koordinatzailea: «Biktimen eta borreroen arteko ekidistantzia bilatzen du».
Covite izan da emaniko pausoan «jauzi kualitatibo bat» ikusi duen mota horretako erakunde bakarra. Consuelo Ordoñez presidenteak adierazi du adierazpenak «berritasun ageriko bat» ekarri duela, ezker abertzaleak onartu egin duelako «ETAk eragindako kalte pertsonala»: «Hori ondo dago, eta positiboki baloratzen dugu». Halere, «ekintzak» eskatu ditu, hala nola euskal presoak «preso politiko» gisa definitzeari eta horien askatasuna eskatzeari uztea.
Elkarrizketaren bidea
Adierazpena guztiz babestu dutenetako bat Podemos alderdia izan da. «Demokraton betebeharra da emaniko pausoa aitortzea», adierazi du alderdiko idazkari nagusi eta Espainiako Eskubide Sozialen ministro Ione Belarrak. Adierazpena «aurrekaririk gabeko aurrerapausoa» dela uste du hark, nabarmenduta agerian utzi duela bakea dela «bide posible bakarra». EAEko Ahal Dugu-k ere mezu bera eman du. Pilar Garrido koordinatzaileak «poza» adierazi du, eta «oinarrizko pausotzat» jo ETAren biktimen «mina» onartu izana. UGTko idazkari nagusi Pepe Alvarezek ere «zauriak ixteko eta elkarbizitza, elkarrizketa eta pluraltasuna eraikitzeko» funtsezkotzat jo du. CCOOko haren homologo Unai Sordoren esanetan, berriz, «egungo eta etorkizuneko elkarbizitza indartzen» lagunduko du.
Horretarako eman beharreko beste pauso bat da «gatazka politikoari erantzun demokratiko bat» ematea, EAren arabera: «Gatazkaren ondorioak oraindik konpontzeke daude».
Kataluniatik, Pere Aragones presidenteak «bake prozesu historiko baten» barruan adierazpenak duen «garrantzia» nabarmendu du: «Jakinda bakea eta hitza direla bidea, beharrezkoa da etorkizunean iritsiko diren pausoei laguntzea». JxCko buru eta Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontek, berriz, txalotu egin du biktimek jasaniko minari eginiko aitortza, haren hitzetan.
Europako beste hainbat eremutatik ere iritsi dira adierazpenaren aldeko mezuak. Esaterako, Sinn Feineko kide Declan Kearneyek babestu egin du Aieteko Adierazpenaren hamargarren urteurrenean beste pauso bat eman izana: «Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa defendatzeko gure konpromisoa berresten dugu». Harold Good apaiz irlandarrak, berriz, hark izan dezakeen eragina azpimarratu du: «Gatazkak eragindako beste komunitate batekoa izanik, eta adiskidetze sinesgarri baterako bidean, ezin dut gutxietsi adierazpen honen garrantzia».
Urriaren 18ko Adierazpena. Erreakzioak
Urrats bat gertuago dago elkarbizitza
EAJren iritziz, «txikia» da ezker abertzaleak emaniko pausoa. PSEk eta Ahal Dugu-k «poza» adierazi dute. Eskuin unionistak sinesgarritasuna kendu nahi izan dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu