Kaleak berriz hartuko ditu bihar euskalgintzak Nafarroan, Korrika igaro eta gutxira, baina bestelako aldarte batean. Izan ere, sumindura eragin dute Nafarroako administrazio publikoko merezimenduen dekretuak eta PAI ingelesez irakasteko sistema indartzeko erabakiak, eta bion kontrako aldarria ozenduko dute. Oraindik tramitazio fasean dago lehenengoa, baina, araudi horren arabera, euskara merezimendu izango da Nafarroako zenbait eremutan, eta hori ere ez beste zenbaitetan. Egoera hori salatzeaz gain, eztabaida bestelako parametro batzuetara eraman behar dela eskatuko du Kontseiluak: eskubideenera. Horixe nabarmendu zuen Paul Bilbao idazkari nagusiak, mobilizazioaren aurkezpenean, eta lelora ere ideia hori eraman dute: Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat.
Ikusi gehiago:Iritzia. Kike Amonarriz: Kalera ateratzeko eta aktibatzeko garaia da
Euskararen ezagutzak lan deialdi publikoetan zer pisu izango duen arautuko du dekretuak. Ez guztietan, ordea. Izan ere, deialdi publiko guztietan ez da euskara merezimendutzat hartzen, ezta gutxiago ere. Zehazki, hiru deialdi mota arautzen ditu dekretuak: oposizio lehiaketak, lekualdatze lehiaketak eta mailaz igotzekoak. Gutxiengoa dira horiek, hala ere. Gainerako lan eskaintzetan, euskara eskakizuna izan daiteke —lanpostuak hizkuntza soslaia ezarria badu— edo ez.
Gainera, euskara merezimendu gisa hartzeko irizpidea desberdina izango da Euskararen Legearen arabera banatutako eremuetako bakoitzean. Eremu euskaldunean, hautagaiek gehienez ere 11,5 puntu eskuratu ahal izango dituzte oposizio lehiaketetan, eta 4,6 puntu lekualdatze prozesuetan. Eremu mistoan, lehen kasuan euskara jakiteagatik lortu ahalko duten puntuaziorik handiena 6,9 izango da, eta lekualdatze prozesuetan —ez denetan—, 2,76. Eremu ez-euskalduneko eskaintzetan, berriz, euskara ez da merezimendutzat hartuko. Ifrentzuan, Nafarroa osoan merezimendutzat hartuko dira, euskara ez bezala, frantsesa, ingelesa eta alemana.
Egun indarrean dagoen dekretuari egindako moldaketak dira horiek guztiak. 2017koa da jatorrizkoa, Uxue Barkosen gobernuak bultzatutakoa, baina haren eduki nagusia bertan behera utzi zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2019an, UGTren salaketa bat dela medio, eta, ordutik, eremu mistoko eta ez-euskalduneko deialdietan euskara ez da balioesten. Gobernuak, orain, moldatu egin ditu dekretu haren 9. eta 15. artikuluak, eta, horrez gain, bigarren xedapen gehigarri bat gehitu du. Hala, atzera urratsak egin dituela salatu du Kontseiluak, bai 2017ko jatorrizko dekretuarekin alderatuta, baina baita UPNren gobernuak 2009an ezarritako dekretuarekin konparatuta ere. Esaterako, Bilbaok azaldu zuen UPNk bultzatu zuen araudiaren arabera, Nafarroako administrazio publikoko lanpostu guztietan %3ko balioa ematen zitzaiola euskarari, eta, beste zenbaitetan, herritarrekin harreman zuzena izatea eskatzen zutenetan, %6koa. «Atzerapauso ukigarri» bat du dekretu berriak alde horretatik, Bilbaoren arabera, zenbaitetan puntuazioa %0koa izango baita.
Postu elebidunak, %3
Gaur-gaurkoz ere, Nafarroako herritarrek ez dute modurik administrazioarekin euskaraz aritzeko, eta ezin hori lanpostu elebidunen kopuru urriari ere zor zaio. Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren arabera, lanpostuen %3k baino ez dute betetzen baldintza hori, zenbait departamentutan ez da %2ra iristen, eta lau departamentutan ez dago profil elebidunik. Gainera, lanpostu horietako asko eremu euskaldunekoak dira, eta administrazioko lanpostu gehienak eremu mistoan daude.
Adierazgarria da, besteak beste, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan 1.253tik 39 lanpostu baino ez direla elebidunak, Foruzaingoa kontuan hartu gabe, zeinetan profil elebiduna duten lanpostuak 22 baino ez baitira 1.312tik. Egoeraren neurria ematen du Osasun Departamentuak ere. Profil elebiduna duten lanpostu gehien departamentu horretan badaude ere, ez dira %3ra heltzen (%2,3 inguru dira), eta lanpostu horietatik gehienak eremu euskaldunean daude. Halaber, zerbitzu zentraletan dauden lanpostu elebidun gehienak erizainenak dira —47 inguru departamentu osoan—, eta postu horietako gehienak hutsik daude.
Hain justu, profil elebiduna duten lanpostu publikoen eskaintza handitzeko konpromisoa hartu zuen Maria Txibite Nafarroako lehendakariak azaroan: aurreratu zuen departamentuetan onartu beharreko hizkuntza planak aurtengo lehen hiruhilekoa amaitu aurretik negoziazio mahaira igaroko zirela, baina ez da hala gertatu, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak gogoratu zionez.
PAI: gatz gehiago zauriari
Administrazio publikoaren bueltan hasitako eztabaida hezkuntza eremura mugitu da, hala ere, PAI ingelesezko irakaskuntza programa hezkuntza eredu bihurtzeko erabakia dela eta.
Iragan astean onartu zuen neurria parlamentuak, PSNren eta Navarra Sumaren aldeko botoekin. Funtzio publikoko 350 irakasleren lanpostuak egonkortzearen argudiopean, programa horretako irakasleen lan deialdietan ingelesezko C1 maila eskakizun bihurtzea adostu zuten, ziurgabetasun juridiko betean eta presaka. Horregatik, itxurazko eskubideen izenean hizkuntza eskubideak estali nahi izatea egotzi dio Kontseiluak gobernuari, gogora ekarriz PAI programa Yolanda Barcina Nafarroako lehendakari ohiak bultzatu zuela, eta garden aitortu zuela Barcinak berak helburua «euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditzea» zuela.
Mobilizatzeko arrazoiak «ugaritu» ditu erabakiak, Kontseiluaren arabera, eta hala erakutsi dute azken egunetan manifestazioak lortutako atxikimenduek. Askotariko eragile sozialek egin dute bat harekin. Halere, fokua alderdiengana zuzendu nahi du Kontseiluak. Sarritan salatu izan du gobernuaren barneko «desadostasunen» izenean hizkuntza eskubideen aldeko neurriak geroratu izan direla, eta aspaldi gainditu zela desadostasunen izenean onar daitekeen muga.