Urola Garaiko Zaintza Herrilab programako parte hartzaileen %75ek autonomia handitu dute

Hauskorrak direnen, mendekotasunen bat dutenen eta mugitzekoa arazoak dituztenen bizi kalitatea hobetu dutela ondorioztatu dute, eta egitasmoa Gipuzkoa osora bultzatzeko asmoa azaldu dute.

Ezkerretik eskuinera, Carlos Fernandez, Xabier Arratibel, Maite Peña, Jon Luqui eta Itziar Salaberria. JON URBE / FOKU
Ezkerretik eskuinera, Carlos Fernandez, Xabier Arratibel, Maite Peña, Jon Luqui eta Itziar Salaberria. JON URBE / FOKU
2024ko uztailaren 19a
20:00
Entzun

Zaintza HerriLab esperientziaren emaitzak aurkeztu dituzte, Urretxuko Urola Garaia Sortzen enpresagunean (Gipuzkoa). Emaitzen arabera, proiektua amaitu duten %75 inguruk beren autonomia maila hobetu dute, eta horietatik %21ek hobekuntza oso nabariak izan dituzte.

Zaintza HerriLab hauskorrak direnentzako, mendekotasunen bat dutenentzako eta mugitzeko arazoak dituztenentzako esperientzia bat da, haiei autonomia handitzen eta bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Urola Garaiko hamahiru herrietan egin dute, lehen aldiz, eta hamahiru hilabete iraun du. 66 familiak hasi zuten proiektua, eta 51 familiak amaitu, eta horien %74,5ek arrakasta izan dute. «Hobekuntza ez da bakarrik fisikoa, psikologikoa ere bada», adierazi du Itziar Salaberriak, UGGASA Urola Garaiko Garapenerako Agentziako zuzendari gerenteak.

Egitasmoa Urola Garaiko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, UGGASAk, UGLE Urola Garaiko Lanbide Eskolak eta Gogoa Mobility Robots enpresak antolatu dute; inguruko udaletako zerbitzu sozialen, Zumarragako ospitalearen eta Osakidetzako eskualdeko ESI erakunde sanitario integratuaren laguntzarekin. Proiektua 2022an eratu zela azaldu du Jon Luqui Urretxuko alkate eta UGGASAko eta Urola Garaiko Mankomunitateko presidenteak.

Prozesuaren hasieran, diagnostikoa egiten diete parte hartzaileari eta haren familiari, eta haien ingurukoak ere aztertzen dira. Diagnostiko hori kuantitatiboa —beren autonomia neurtzen da— eta kualitatiboa izaten da. Ondoren, UGLEk eta Gogoa enpresak gomendio eta konponbideak planteatzen dituzte laguntza teknikoen, neuroerrehabilitazioko tratamenduen eta aisialdiaren inguruan, eta zaintzaileei ere gomendioak ematen dizkie. Prozesua amaitzean, pertsona horien autonomia neurtzen dute. 

Proiektuko antolatzaileek bi parte hartzaileren testigantzak ere entzun dituzte, eta datu kualitatiboen garrantzia nabarmendu dute. «Iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, esklerosi anizkoitza eta muineko lesioak jasan dituen jendearekin lan egin dugu», azaldu du Carlos Fernandez Gogoa Mobility Robots enpresako zuzendariak. Hainbat patologiatan neuroerrehabilitazio robotikoan egiten dute lan.

UGLEk, bestalde, Ortoprotesietako eta Laguntza Produktuetako Goi Mailako zikloa dauka, eta bi alor horiei buruzko informazioa ahalbidetu du proiektuan. «Ortoprotesikako teknikari batek eta fisioterapeuta batek hartu dute parte», adierazi du Xabier Arratibel UGLEko zuzendariak.

UGLEk eta Gogoa enpresak Zaintza HerriLab egitasmoan izan duten garrantzia azpimarratu du Luquik, eta proiektuak eskualdean eragin ekonomikoa izan duela adierazi du, batez ere arlo sozialean. 

Etorkizunerako urratsak

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak hitz egin du herrialdean etorkizunean egin behar diren urratsei buruz: «Atera diren emaitzak positiboak direnez, halako proiektu bat bultzatu behar dugu». Horretarako, erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana beharrezkoak direla adierazi du, eta ateratako emaitza eta ondorioak lurralde osora zabaltzearen alde egin du.

«Bigarren faserako proiektuaren efizientzia bilatu behar da diseinu aldetik», adierazi du Salaberriak. Arratibelek, aldiz, teknologia berriak aztertzea eta erabiltzea proposatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.