Euskararen aurkako erasoak

Urkullurentzat, «tamalgarriak» dira Ibarra epaileburu ohiaren adierazpenak

Euskararen kontrako epaiei buruzko kritikak eta «sufrimenduaren sozializazioa» nahastu izana txarretsi du EAEko lehendakariak.

Urkullu, asteleheneko eraso euskarafoboaren inguruko adierazpenak egiten, asteazkenean. LUIS TEJIDO / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 27a
15:51
Entzun

Ika-mika eragin dute Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente ohiak atzo Buesa fundazioaren ekitaldi batean eginiko adierazpenek. Epaitegietan euskararen aurka eginiko azken erasoak kritikatzea «indarkeria politikoaren kultura» delakoarekin lotu zuen Ibarrak, eta gogor jo zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren kontra, epaiak salatzeagatik. Azken horrek gaur erantzun dio epaile ohiari, eta haren adierazpenak «tamalgarriak» direla adierazi. «Zer garen eta nor garen erakusten dugu gure hitzekin»

«Adierazpen askatasuna da, azken batean», esan duenez, eta azaldu du badagoela epaileak eta haiek emaniko ebazpenakkritikatzerik, politikariak kritikatzea zilegi den bezala. «Euskara tarteko delarik zer-nolako ebazpenak egin diren ikusita, horren harira kritika bat egin edo iritzi bat ematea Oldartzen ponentziarekin lotzea gaur egun, bizi izan duguna bizi izanda, eta euskararekin lotzea? Tamalgarria da».

Arabako Teknologia Parkera eginiko bisita batean egin ditu adierazpenak, kazetariek Ibarraren hitzen inguruan galdetuta.

Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko burua izan zen 2010etik 2020an erretiroa hartu zuen arte.

Urkullu ez ezik, Bingen Zupiria Jaurlaritzaren eleduna ere hartu zuen Ibarrak gogoan, besteak beste.

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu EAEko udal legea euskararen alorrean garatzeko dekretuaren hainbat artikulu, Vox alderdi ultraeskuindarrak salatu ostean. Ebazpenaren berri jakitean, hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu zuen Urkulluk. Eta Zupiriak salatu zuen euskararen ofizialtasuna «zalantzan» jartzen ari direla epai horiek.

Atzo, Ibarrak esan zuen Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduak epaileei «zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainen oihartzuna» dutela kritika horiek, eta nabarmendu zuen «sufrimendua sozializatzeko estrategiaren barruan» egin zirela kanpaina haiek.

Urkullu eta Zupiriaren kontra jotzeaz gain, Kontseiluak deituriko protestak deitoratu zituen, argudiatuta «indarkeria politikoaren kulturak» epaileen aurka zabalduriko diskurtsoaren «oihartzuna» sumatu zuela horietan.

Euskararen aurkako «oldarraldi judizialaren» kontrako manifestazioa egingo da azaroaren 4an, Bilbon. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du protesta, eta atxikimendu ugari jaso.

Enpresarien «barkamena»

Ibarraren adierazpenak ez dira euskararen aurkako oldarraldiaren aste honetako atal bakarra. Astelehenean, familia enpresen kongresu baten hasieran izan zen Urkullu, Bilbon, Euskalduna jauregian, eta hitza hartu zuen euskaraz eta gazteleraz. Euskaraz egin zuenean, murmurioka eta eztulka hartu zuten hainbat entzulek. Urkulluk etenaldia egin zuen, berriz hitz egiten hasi aurretik.

Asteazkenean, euskarafoboen jarrera txarretsi zuen, eta gogoratu EAE Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizial bi daudela, Espainiako herritarrek ere hori jakiteko «obligazioa» dutela eta euskal herritarrek hizkuntza bietan arta jasotzeko «eskubidea» dutela.

Zupiriak asteartean adierazi zuen «norbaitek barkamena eskatu beharko lukeela» euskarari eta lehendakariari eginiko mespretxuarengatik. Urkulluk berak atzo nabarmendu zuen ez zuela barkatzeko eskaerarik jaso ez asteartean, ezta asteazkenean ere. Azkenean, gaur baieztatu dute ekitaldia antolatu zuen Familia Enpresen Institutuaren presidente Andres Sendagortak barkamena eskatu diola Urkulluri, eta CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidente Antonio Garamendik, zeinak ekitaldian parte hartu baitzuen, sostengua adierazi diola afera honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.