Urkulluren urte amaierako azken mezua: lorpenak, asmoak eta agurrak

Hiru agintaldietako atzera begirakoa egin du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak urte amaierako azken mezuan. Gizarteak egindako aurrerapausoak azpimarratu ditu, eta are aurrerago joango dela ziurtatu du: «Katea ez da eten. Katea ez da etengo».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, urteko azken mezuan. EAJ
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, urteko azken mezuan. EAJ
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abenduaren 31
15:15
Entzun

Urte amaierako azken mezua eman du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Ajuriaenean, ez baita aurkeztuko heldu den urteko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, eta, horretan, hiru legealdietako atzera begirakoa egin du: «Gure gizarteak aurrera egin du, eta pausoak eman ditugu etorkizunerantz. Gauza asko ondo egin ditugu, baina, aldi berean, ez dugu beti asmatu».

Lau arlo azpimarratu ditu lehendakariak: kohesioa, bizikidetza, autogobernua eta enplegua. Zailtasunei «auzolanean» erantzun diotela esan du —aurrerago, beste behin ere errepikatu du Eusko Jaurlaritzaren leloa—, «inor atzean utzi gabe»; adierazi duenez, horrela, enplegua eta autogobernua «sendotzea» lortu dute. 2012an %16tik gora zegoen langabezia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; gaur egun, berriz, %8 azpitik. «Lorpen kolektibo» gisa jo du. Dena den, autogobernua «ez dago bermatuta, eta ez du sabaia jo». «Babestu egin behar dugu, zabaldu eta indartu», gehitu du. Mugarri baten balioa ere nabarmendu du: «Euskal gizarteak bakean eta bizikidetzan bizitzea lortu du. Ozen eta lasai esan dezakegu gure seme-alabek, gure ilobek ez dutela terrorismo eta biolentziaren aurpegi ilun hori ezagutuko».

Azken urte hauetan izan diren krisiak ere gogoratu ditu: besteak beste, 2008ko krisi ekonomiko eta finantzarioa, errefuxiatuena, energiarena eta erregaiena, pandemia, brexit-a, Ukrainako gerra, inflazioa eta interes tasen igoera eta Palestinako gatazka areagotu izana. Gogora ekarri ditu «biktima errugabe guztiak», eta «kezka» adierazi du Europako Batasunak nazioarteko gatazka armatu horien aurrean erakusten duen «ahalmen faltagatik». Migrazio politika «gogor eta bidegabeak» ere salatu ditu.

Tartetxoa eskaini dio feminismoari: «Ozen esaten dugu: ‘Emakumeak gora’». Era berean, indarkeria matxista gaitzetsi du: «Herri honek ez du indarkeria matxista sekula onartuko. Erasotzaileei esaten diegu: ‘Aurrean izango gaituzue beti’».

Lehen ere erakutsi du aurrera egiten jarraitzeko asmoa. «Tamalez, hurrengo urteetan ziurgabetasunak protagonismoa handia izaten jarraitu du»; «biharko erronka» horiei «bat eginda, herri bezala» erantzun behar zaie. «Euskadi zutik dago, kohesionatuago eta preparatuago».

«Gure baliabideak mugatuak dira, eta ahalik eta hoberen kudeatu behar ditugu».  Hortaz, datorren urteari begira, inoizko inbertsio publiko handiena egingo du Eusko Jaurlaritzak. Argi ditu horren helburuak: zerbitzu publikoak hobetzea, gizarte babesa indartzea, garapen ekonomikoa sustatzea eta enplegu aukerak sortzea. Haren arabera, 2024a «trantsizio urtea izango da, Euskadi herrialde garatuenen artean kokatzeko».

Kontuan izan du lehendakariak azken diskurtsoa izan duela gaurkoa: «Ohorea benetan aukera hau izatea. Gure herriari dudan guztia ematen saiatu naiz beti, zintzotasunez, gure gizartearen interesak defendatuz, han eta hemen. Zorionekoa naiz, eta hori zuen konfiantzari esker izan da». Azaroan, Euzkadi Buru Batzarrak jakinarazi zuen Imanol Pradalesek ordezkatuko zuela Urkullu Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigai gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.