Urkulluren fundazioko patronatukideak: Iberdrola, Petronor, BBVA eta Kutxabankeko buruak

'eAtlantic' izena jarri diote Europako Batasunean lobby gisa aritzeko fundazio horri, EAEko aldizkari ofizialaren arabera.

Sanchez Galan eta Urkullu, lehendakari ohiak Iberdrolara egindako bisita batean. IBERDROLA
Sanchez Galan eta Urkullu, lehendakari ohiak Iberdrolara egindako bisita batean. IBERDROLA
xabier martin
2025eko apirilaren 25a
12:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Iñigo Urkullu martxan jartzen ari den fundazioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pertsonarik boteretsuenetako batzuk izan ditu patronatukide. Europara begira ariko den fundazio hori eAtlantic izendatu dute, eta patronatukide izango dira Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako arduradun gorena, Emiliano Lopez Atxurra Petronorrekoa, Carlos Prieto BBVAkoa eta Anton Arriola Kutxabankekoa.

«Herritarrengandik gertuen dauden erakundeek Europako Batasunaren gobernantzan parte har dezaten sustatzea», horixe izango du helburu Urkullu buru izango duen lobby horrek. Urkulluk aspaldian adierazi zuen EBren rolari buruzko foro bat sortzeko asmoa, Jaurlaritzako lehendakari izateari utzi zionetik hain zuzen. 2012tik 2024ra izan zen Urkullu Jaurlaritzako buru, harik eta egungo lehendakari Imanol Pradalesek haren lekua hartu arte, lehenik EAJko lehendakarigai gisa eta, ondoren, Lakuako aginte makila eskuratuta.

Betidanik defendatu du «Euskadiren izaera europarra», eta luze gabe abiaraziko du irudikatzen zuen lobby hura, eAtlantic fundazioa martxan jarrita. Maiatzaren 9an aurkeztuko dute, izan ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresa eta bankurik garrantzitsuenetako buruak izango ditu alboan, batasunean interes jakin batzuk defendatzeko, baina xede nagusi bat hartuta iparrorratz gisa: arku atlantikoaren euroeskualdea defendatzea.

Juanjo Alvarez ere bai

EAEko aldizkari ofizialean gaur argitaratu dituzte fundazioaren nondik norakoak; besteak beste, zer izen hartuko duen eta  zuzendaritzan nortzuk egongo diren; hain zuzen, jakinarazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomian eta hortik kanpora ere zeresan handia duten lau gizon egongo direla fundazioan: Ignacio Sanchez Galan, Emiliano Lopez Atxurra, Carlos Prieto eta Anton Arriola.

Ez alferrik, Urkulluk gertuko harremana izan du enpresa eta banku horietako buruekin Jaurlaritzako lemazain izan den epe luzean. Orain gutxi, EAJk omenaldia egin zion Urkulluri, Durangon, eta ekitaldi horretan Iberdrolako buru Sanchez Galanen bideo bat ikusi ahal izan zen, Urkulluren aldeko mezuak biltzen zituena.

Lau enpresaburu horiez gain, fundazioko zuzendari gisa ariko da Marian Elorza, Jaurlaritzako Kanpo politikako arduradun ohia eta Kepa Izagirre izango da idazkaria, Cuatrecasas abokatu bulego garrantzitsuko kidea;Elorzak berriki utzi du bere ardura gobernuan, eta haren lekua Ander Caballerok hartu du. Bestalde, Juanjo Alvarez ere fundazioan ariko da; EHUko katedraduna da Alvarez, urte askoan Urkulluren kolaboratzaile izandakoa, eta fundazio berriko ikerlari nagusia izango da. 

EAJk begi onez ikusi du

Fundazioaren estatutuek jaso dute gehienez 30 kide izan ditzakeela, eta, beraz, baliteke aurrerago izen gehiagoren berri izatea. Hasieran, 32.000 euroko ekarpenarekin abiarazi dute Europako Batasunean lobby gisa aritzeko fundazio hori. Bilbon izango du egoitza nagusia, Henao kalean.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiek eskubide jakin batzuk dituzte gobernua utzi ondoren; esaterako, izendapen instituzionalari eusten diote, eta bulego publiko bat erabil dezakete, idazkariarekin eta auto gidari batekin. Horrez gain, hil arteko pentsio bat jasotzen dute: kargua uztean jasotzen zuten soldataren erdia. Urkulluk 63 urte beteko ditu aurtengo irailean, eta azken hilabeteotan Bilbon duen bulegoan aritu da lanean. eAtlantic fundazioaren egoitza beste bat izango da, ordea.

EAJk begi onez ikusi du Urkulluren ekimena, eta Bizkai Buru Batzarreko presidente ohi Itxaso Atutxak «albiste ona» dela esan du Euskadi Irratian, Urkulluk haren «jakintza eta gaitasuna Euskadiren zerbitzura» jarriko ei duelako.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.