URKULLUREN ADIERAZPENA

2017ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Epikatik etikara

ETAren armagabetzearekin gaur egiaztatzen dugun funtsezko gertaera da armak klandestinatearen eremutik legaltasunaren eremura pasatu direla.

ETAren armagabetzea edozein epikatik salbuetsita dago; baina esanahi etiko nagusi bat dauka: behin betirako ziurtatzen du ETAk eragindako biktima bakar bat ere ez zuela inoiz eragin behar, inoiz ez.

Arrazoi etiko horrengatik, biktima guztiak eta haietako bakoitza gaur egun gizartearen, bere erakundeen, politikaren eta giza eskubideen lorpen demokratikoaren subjektu eta partaide nagusiak dira.

Azken asteotan, Eusko Jaurlaritzak lan egin du armagabetzea bideragarria izan zedin, legezkoa, aldebakarra, osoa eta ordainik gabea, eta bere helmugara ondo iritsi zedin.

Espainiako Gobernuarekin, Frantziako agintariekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldeko Elkargoarekin harremanetan egon da.

Eusko Legebiltzarrarekin, talde politikoekin eta gizarte eragileekin eta Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearekin koordinatuta egon da.

Beharrezkoa izan da geure gizartearentzat lorpen garrantzitsua duen balio historikoari erantzungo liokeen elkargunea diskrezioz ehuntzea erakundeen eta eragile politiko eta sozialen artean.

Azpimarratu eta eskertu nahi dut une honen kudeaketan, modu batera edo bestera, nahasita egon diren gobernuetan, erakundeetan eta indar politikoetan aurkitu dugun heldutasuna eta lankidetza.

Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak ETAren azken armagabetzea bideratzen egindako lan ona ere eskertzen dut, orain Frantziako agintari judizialek berretsi behar dutena.

Legezko, behin betiko eta ordainik gabeko armagabetzearen egiaztapena funtsezko urratsa da indarkeriaren amaiera ordenatuaren eta ETAren desagertzearen prozesuan.

Bideak aurrera darrai. Gaur ez da ezer hasten ezta bukatzen ere. Bizikidetza normalizatu baten alde lanean jarraitzen dugu, orain jokaleku hobe batean.

Bakearen alde hainbat eta hainbat lagunek, erakundeek eta instituzioek hainbeste urtetan egindako lanari jarraipena emango dio Eusko Jaurlaritzak, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plan berriaren bitartez.

Etorkizuneko eta itxaropenezko egitasmoa dugu helburu nagusi batekin, Gizartea Elkartzea, bizikidetza normalizatuaren helburua. Konpromiso etikoak jarraitu egiten du.

Donostia 2017-04-08
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.