Urkulluk «uzten» dion bitartean

Dimisio eskeak hor badira ere, Osasun sailburu Darponek esan du lehendakariak aurkakoa adierazten ez duen bitartean jarraitzekoa dela

Jon Darpon, lehen planoan; atzean, Iñigo Urkullu. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Hau da nire eguneroko lana Osasun Sailean, eta, lehendakariak uzten didan bitartean, horrexetan jarraituko dut». Kazetarien aurreko agerraldi batean karguari eusteko asmoa azaldu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek. Osakidetzako azken lan eskaintza publikoan izan diren irregulartasunen harira —salaketak ez dira berriak, baina lehengo astean jakin zen fiskaltzak delitu zantzuak atzeman dituela—, dimisio eske asko izan ditu, baina argi utzi zuen horiek ez dutela bere kargua baldintzatuko: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk kontrakoa adierazten ez duen bitartean, sailburutzari eutsi egingo dio.

Oposizioko taldeek kritika ugari egin dizkiote azkenaldian Darponi auzi horren harira, eta, lehengo astean fiskalaren txostenaren berri izan ostean, ozendu egin dira horiek. Izan ere, lan eskaintzako 11 espezialitatetan ikusi ditu delitu zantzuak fiskalak, eta horietako hirutan pertsona zehatzak akusatu ditu. Beste zortzietan, ez du pertsona zehatz baten aurkako akusaziorik egin, baina esan du horietan ere irregulartasunen zantzuak daudela.

Gaitzespena

Horiek horrela, gero eta egoera deserosoagoan dago sailburua. Jakina da, gainera, haren aurkako gaitzespen mozio bat aurkeztuko duela Elkarrekin Podemosek hilaren 21ean Eusko Legebiltzarrean; oposizioko talde guztiek adierazi dute babestuko dutela, eta onetsi egingo da. PPk zer egingo zuen, hortxe egon zen duda hainbat egunean, baina asteburuan argitu dute: prest daude mozioa onesteko. Ahul utziko du horrek Darpon.

Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak, hala ere, oraindik hura babesten jarraitzeko modua dagoela esan zuen atzo, eta adibide bat ipini zuen, Espainiako Gobernura begira: «Aurreko legealdian lau ministro gaitzetsi zituzten Kongresuan; legealdi honetan bat izan da. Denek jarraitu egin dute beren karguan: amaierara arte». Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak ere Darponek karguan jarraitzearen defentsa egin zuen atzo; gaitzesten badute ere, esan zuen Urkullu ez dagoela behartuta hura kargugabetzera:uste du gaitzespenak izaera «politikoa» duela, eta ez duela haragoko neurririk ekarri behar. Arriolaren ustetan, ez dago Darponen gaineko «susmorik» izateko erarik. Ahulduta, zenbat irauten duen ikusi beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.