Hezkuntza

Urkulluk uste du ez dagoela arrazoirik hezkuntzan greba egiteko

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, kritika politikoa egin eta gobernu berria tenkatzea da sindikatuen asmoa. Jarrera aldatu eta elkarlanean aritzeko eskatu die.

Sindikatuek joan de astean egindako elkarretaratzea, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren parean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 14a
09:46
Entzun

Ez dago arrazoirik greba egiteko. Hori da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bart gauean ETBn eginiko elkarrizketan helarazitako mezua. ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek deituta, hezkuntza osoari eragingo dion greba bat egingo dute bihar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua lelopean.

Jaurlaritzari kudeaketa «onartezina eta arduragabea» egitea egotzi diote, «berandu» aritzea, eragileekin ez adostea eta baliabideak ez zehaztea. Irakasleek ere adierazi dute ezjakintasuna izan dela nagusi itzulerako lehen astean, eta ez dela irizpiderik egon.

Urkulluren ustez, ordea, beste asmo batzuk dituzte sindikatuek: kritika politikoa egitea eta eratu berria den Jaurlaritza tenkatzea. Horregatik, eta «etorkizunean gerta daitekeena ezin denez aurreikusi», jarrera aldatu eta elkarlanean aritzeko eskatu zien. Lehendakariaren arabera ez da elkarrizketarik falta izan ikasturtea hasi aurretik, ekainaren 23tik izan baitituzte bilerak hezkuntza komunitatearekin: «Jaurlaritza da gauzak ondo egiteko interesatu nagusia», azpimarratu zuen Urkulluk, eta gehitu zuen etengabeko esfortzua egiten ari direla auzolanean jarduteko. 

Gauza bera defendatu zuen joan den ostiralean Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berriak ere. Ostegunean egin zuen bilera sorta bat hezkuntzako eragileekin, eta kargua hartu zuenetik nabarmendu du hezkuntza komunitatearekin eduki beharreko harremanaren balioa: «Egoera honetatik guztiok elkarrekin aterako gara aurrera». Haren iritziz, grebak ez dio ekarpenik egingo hezkuntza komunitateari.

Bestalde, Urkulluk atzo esan zuen Hezkuntza eta Osasun sailetan sailburuak aldatu izana ez dela kudeaketa txarraren ondorioa: «Uste dut sailburu guztiek ondo egin dutela euren lana». Azaldu zuen aldaketak «egoera pertsonalen eta aurretik dituzten erronken arteko nahasketa baten ondorio» direla, eta kargua utzi duten sailburuekin hitz egin duela erabakia hartu aurretik.

Nafarroan, mobilizazioak

Nafarroan ere egoera ez da samurra, eta hezkuntza komunitatearen foro bat sortu dute, Hezkuntza departamentuak «hitz egiteko borondaterik» ez duela iritzita. Foroko kideek hausnarketa «sakon eta adostu» bat egin nahi dute, eta elkarrizketarako prest daude: «Hitz egingo dugu, baina beste aldetik borondaterik ez badago, mobilizatzea baino ez zaigu gelditzen».

Hori dela eta, bihar egingo dute lehen mobilizazioa, Iruñeko Gazteluko plazan, 18:00etan. Besteak beste, ratioak jaistea eta baliabide gehiago kontratatzea izango dituzte aldarri. Are, gauzak konpontzen ez badira, greba egiteko aukera ere ez dute baztertzen.

Iparraldean, dagoeneko hainbat ikastetxe hetsi dituzte positiboak egon direlako. Seaskak ere ministerioaren «inprobisazioa, arduragabekeria eta inposizioa» salatu ditu, eta segurtasun neurriak eskatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.