Urkulluk Sanchezi eskatu dio makroeskualdea lehentasun gisa jartzeko

Espainiako gobernuburuak uztailaren 1ean hartuko du Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza, bozetako kanpainaurrean

Urkullu eta Sanchez, iaz, Ermuan (Bizkaia). JAVIER ZORRILLA / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk beste urrats bat egin du Atlantikoko makroeskualde bat sor dadin presio egiteko asmoz. Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezi bidalitako gutun batean, lehendakariak eskatu dio «ahalegin guztiak» egiteko Europar Kontseiluak urtea amaitu aurretik onar dezan proiektua, eta Europako Batzordeak lanari ekin diezaion. «Lehentasunezkotzat» jotzeko arrazoietako bat da Hego Euskal Herriaren eta Europa iparraldearen arteko trenbide eta energia konexioetan indar egitea, Frantziak euskal Y-aren iparraldeko lotura 2042ra arte atzeratuko duela jakinarazi duen honetan.

Sanchezek uztailaren 1ean hartuko du Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza, sei hilabetez, eta Urkulluk agintaldi horretako agendan sartu nahi du makroeskualdea, iritzita proiektua «funtsezkoa» dela «Atlantikoko lurraldeen interesak sustatzeko eta horiek hobeto defendatzeko Europako Batasunean».

AHTaren konexioa

Datozen urteetan martxan beharko luketen azpiegituretako bat da AHT abiadura handiko trenaren konexioa, baina ez da Eusko Jaurlaritzak nahi bezain azkar ari. Parisek Europako Batasunarekin hartutako konpromisoaren arabera, Bordele eta Akize (Okzitania) batuko dituen trenaren igarobidea 2030. urterako egin behar zuten. Frantziak, baina, iragarri du 2042ra arte atzeratuko dutela proiektua; eta, horren ondorioz, baita euskal Y-a Europa iparraldearekin lotzeko aukera ere.

Frantziako Gobernuaren erabakiaren aurka egin dute jeltzaleek Europako Parlamentuan. Europako garraio azpiegituren eraikuntzan izan diren atzerapenak aztertzen dituen txosten baten inguruan eztabaidatu zuten herenegun, eta atzo egitekoa zuten haren inguruko bozketa.

Txosten horren arabera, %40rainoko gainkostuak atzeman dituzte oinarrizko azpiegituretan, eta, batez beste, hamar urteko atzerapenak, besteak beste estatuen arteko mugetako konexioak direla eta. Gainera, jaso dute estatuek Europako Batasunarekin adostutako helburuen eta barrura begirakoen arteko ezberdintasunak direla horretarako arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.