Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Estrasburgora bidaiatu du, Rene Cassin juristari omenaldia egiteko. Ekitaldiaren aurretik, bilera egin du Giza Eskubideen Europako Auztegiko presidente Guido Raimondirekin. Cassinek giza eskubideen alde egindako lana goraipatu du Urkulluk.
1887an Baionan jaio zen jurista izan zen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren egile nagusia. 1948an onartu zuen NEBek. Adierazpenaren 20. urteurrenean, 1968an, Bakearen Nobel saria jaso zuen Cassinek "bakeari, justiziari eta giza eskubideei eskainitako bizi oso batengatik". Sariarekin batera jaso zuen dirua Giza Eskubideen Nazioarteko Institutua sortzera bideratu zuen. Estrasburgon dago institutu hori, eta bertan egin diote omenaldi ekitaldia. Jaurlaritzako lehendakariak Gernikako arbolaren kimu bat landatu du institutuaren parean.
"Cassin Baionan jaio zen eta euskal herritar unibertsala da. Bidasoaren bi aldeetan sentitzen gara lotuta hark defendatu zuen humanismoarekin", adierazi du Urkulluk. Haren esanetan, Cassinen ibilbidea "eredugarria" izan da, eta gogorarazi du Jaurlaritzak egiten duen aitortzari "garrantzitsuenetako batek" Giza Eskubideen Rene Cassin Saria duela izena.
Lehendakariak Giza Eskubideen Adierazpenaren balioa eta gaurkotasuna nabarmendu ditu. Urkulluren iritziz, giza eskubideak "pertsona ekintza politikoen erdigunean berriz ere jartzeko erreminta" dira. "Giza eskubideen nagusitasun hierarkikoa zalantzan jartzen denean, funtsezkoa da Rene Cassinen eta Adierazpen Unibertsalaren balioa aldarrikatzea".
Gernikako arbolaren kimu bat Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuan landatzeak "Euskal Herriarentzako sinbolo bat eta konpromiso bat" adierazten du. Urkulluk azaldu du Gernikako arbolak "Euskal Herriaren bakearen eta askatasunen aldeko borroka" irudikatzen duela. Pablo Picasso margolariari esker, "gerraren, terrorismoaren, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketa ororen kontrako ikono unibertsal" dela gaineratu du.
Lehendakariarekin batera, Estrasburgon izan dira Jonan Fernandez Giza Eskubide, Elkarbizitza eta Kooperazio idazkari nagusia, Marian Elorza Kanpo Harremanetako idazkari nagusia, Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendaria.