Politika orokorreko eztabaida egiten ari dira gaur Eusko Legebitzarrean, eta goizean hitzaldia eman du Iñigo Urkullu lehendakariak. Legealdiaren lehen urtearen balantzea egiteaz gain, aurrera begirako erronkak ere aletu ditu. Autogobernuari dagokionez, lehendakariak «adostasun sendoa» eskatu du «Euskadi euskal nazio»gisa «berrindartzeko», eta, bide horretan, kontzertu politikoaren formula berri bat defendatu du, «foruen erabateko integrazioa ahalbidetzeko». Kontzertuaren formula horrek Espainiako Konstituzioa errespetatzea eta Gernikako Estatutua betetzea ekarriko luke, eta foruak indargabetzeko legeak betan behera geratuko lirateke behin betiko, lehendakariaren arabera. Itun berri horrek «1839 baino lehenagoko subiranotasunera itzultzea»ekarriko luke, Urkulluren arabera.
Lehendakariaren ustez, gaur egun aukera dago itun bat lortzeko zeinaren bidez «nazio errealitatea» onartu, autogobernuaren ezaugarriak aintzat hartu, estatuarekin alde biko harremana bermatu eta «Euskadiren nazioarteko proiekzioa» erraztuko den. Itun hori Eusko Legebiltzarrean adostu beharko litzateke, autogobernuaren batzordean, elkarrizketarako foroa den neurrian. Hala, taldeei dei egin die «adostasun sendoa» lortzeko autogobernuaren inguruan.
Nolanahi ere, Urkulluk salatu du Madrildik autogobernua «higatzen» ari direla: «Badirudi harreman uniformizatzaileagoa nahi dutela, administrazio zentral kudeatzaileago batekin eta botere politikoa birzentralizatuarekin».
Bide horretan, aipatu du kezkaz begiratzen diotela «eraginkortasunaren eta zilegitasun demokratikoaren» arteko lehiari. Hala, asteon EAEko Auzitegi Nagusiak futbol zelaien edukieren inguruan kaleratutako ebazpena gogoan hartuta, esan du Jaurlaritzaren helburua beti izan dela «erabaki orekatuak» hartzea zientzialarien eta osasun agintarien aholkuak aintzat hartuta. Ebazpenaren ostean ere Labiren eta Jaurlaritzaren helburuak bide beretik jarraituko duela gaineratu du.
Horrez gain, jakinarazi du lanean ari direla aurten bertan hamabi lege proiektu legebiltzarrera bidaltzeko. Besteak beste, hauek aipatu ditu: diru sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko legearen aldaketarena; trantsizio energetikoarena eta klima aldaketarena; osasun publikoarena; eta haur eta nerabeen eskubideena.
Ekonomia eta enplegua suspertzea helburu hartuta, berriz, Urkulluk iragarri du Jaurlaritzak inbertsio plan bat abian jarriko duela aurten, 250 milioi eurokoa.