Urkulluk «maskara, maskara eta maskara» eskatu die herritarrei

Lehendakariaren arabera, «maskara gabeko hartu-emanen gorakada da kutsatzeei mesede egiten dien aldagai nagusia».

Urkullu, gaur, Etxepare Institutuaren Patronatuaren bileran, Gasteizen. IREKIA
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 14a
14:07
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak maskara janztearen aldeko aldarria egin du gaur. «Maskara, maskara eta maskara» eskatu die herritarrei, eta haren badaezpadako erabilera berreskuratzea galdegin die, batez ere etxetik kanpo dituzten hartu-emanetan.

Lehendakariak Gasteizen egiten ari diren ikastaro batzuetako ikasleak eta arduradunak jaso ditu lehendakaritzan: «Euskadin osasun larrialdian jarraitzen dugu, eta halako topaketetan lehendabizi gogoan izaten ditugu birusaren ondorioz hil direnak eta haien senideak», adierazi du.

Gaur egungo egoeraz, esan du une honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari «birusaren aldaera kutsakorrago bat» ari zaiela eragiten. Horri buruz, aipatu du indargune bat eta ahulgune bat dituztela: ahulgunea da «maskara gabeko hartu-emanen gorakada», Urkulluren ustez hori baita «kutsatzeei mesede egiten dien aldagai nagusia». Indargunea, berriz, maskararen erabilera berreskuratzea dela esan du: «Hori da gaur egin nahi dudan deia: maskara, maskara eta maskara», amaitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.