Urkulluk Madrili eskatu dio jarrera hartzeko Barrionuevoren esanei buruz

Jaurlaritza prest agertu da ministro ohiaren hitzen harira ireki daitezkeen auzibideak babesteko

Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Erreakzio errenkada luzatzen ari da oraindik ere, Jose Barrionuevo Espainiako Gobernuko Barne ministro ohiak GALen ekintzak justifikatu ostean. Atzo, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu Madrili mintzatu zitzaion: Espainiako Gobernuari, hura gobernatu izan duten alderdi politikoei —UCDri, Aliantza Popularrari, PSOEri eta PPri— eta Felipe Gonzalez eta Mariano Rajoy presidente ohiei esan zien komenigarria iruditzen zaiola jendaurrean gaiaren inguruko jarrera hartzea.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman du lehendakariaren jarreraren berri, gobernu kontseilua amaitu ostean egindako prentsaurrekoan. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak arbuiatu egiten du GALen ekintzen inguruan Barrionuevok egindako «justifikazio esplizitua». «Ona litzateke estatuaren botereek aurrera egitea biktima horien eta haien eskubideen errekonozimenduan», erantsi du.

Gainera, arlo judizialean egon daitekeen ekinbide oro babesteko prest agertu da Zupiria, betiere baldin eta helburua bada «eragindako mina injustua dela errekonozitzea eta indarkeria terroristaren ondorioz izandako giza eskubideen urraketen inguruko egia jakitea».

Halaber, Urkulluren hitzak ez ezik, Idoia Mendia lehendakariordearenak ere eraman ditu Zupiriak prentsaurrekora. Zupiriaren hitzetan, Mendiak adierazi du PSE-EEk «posizio argia eta irmoa» duela ministro ohiak esandakoaren aurka.

Egia aitortzeko eskea

EH Bilduren bozeramaile Bakartxo Ruizek ere erantzun die Barrionuevoren esanei. Adierazi du, hitz batzuk «arbuiatzeaz» harago joanda, Barrionuevoren hitzen atzean dagoena dela «benetan larria» ; izan ere, uste du adierazten dutela «zein merke» atera zaion estatuari indarkeria erabiltzea: «Halako hoztasunez aitortzea estatuak berak muntatutako indarkeria izan dela eta erabaki politikoak egon zirela horren atzean. Uste dut horrek aurrera begira ere eskatzen duela bestelako hausnarketarik».

Eta, bide beretik, egia aitortzeko eskatu du: «Uste dut estatuak berak noizbait aitortu beharko duela egia zein izan den, aitortu beharko duela zer gertatu den eta aitortu beharko duela zer-nolako mina eta sufrimendua eragin den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.