Urkulluk legeen tramitazioari eta eskumenen transferentziari lotu die hauteskundeen eguna

EH Bilduk salatu du noiz izango diren oraindik zehaztu ez izanak «ezegonkortasuna» eragiten duela.

(ID_13557798) (Raul Bogajo/@FOKU) 2024-02-02, Gasteiz. Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura
Urkullu, gaur goizean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 2a
15:20
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilean egingo direla diote zenbait politikarik eta hedabidek zabaldutako mezuek, eta horietara aurkezteko asmoa duten alderdi eta koalizioak lanean ari dira zezenak harrapa ez ditzan. Eskumena, baina, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullurena da, eta hark ez du informazio askorik eman nahi, oraindik ere legealdia amaitu aurretik bete beharreko konpromisoak dituela esateaz gain. Zehazki, legebiltzarrean martxan diren legeen tramitazioa eta zenbait eskumenen transferentzia.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, EH Bilduko eledun Nerea Kortajarenak ez dio eskatu Urkulluri hurrengo Eusko Legebiltzarrerako bozen eguna zehazteko, baina bai adierazteko zer irizpide erabiliko dituen erabaki hori hartzeko. Izan ere, EH Bilduko kideak uste du ezjakintasunak eragindako «ezegonkortasunari» amaiera eman behar zaiola: «Itxierak ere planifikatu egiten dira, eta momentu honetan egoera honek zalantzak baino ez ditu sortzen».

«Interes orokorreko» galdera bat da, Kortajarenaren beraren ustez, afera denen ahotan dabilelako, eta «funtsezkoa» delako herritarrek bozen inguruan informatuta egotea. Hala, kexatu da ez dagoela argi interes orokorren, «alderdi baten interesen» edo lehendakariaren beraren interesen arabera zehaztuko den noiz izango diren 

Urkulluren esanetan, hiru irizpide erabiliko ditu erabaki hori hartzeko: gobernu programa betetzea, «hurrengo lehendakariari eta gobernuari ahalik eta legaturik onena uztea» eta gizartearen «interes orokorra defendatzea». 

«Ez al gaude legeak eztabaidatzen eta onartzen? Non dago arazoa?», galdetu du lehendakariak. Eta gehitu du bere asmoa dela Eusko Legebiltzarrean martxan dauden lege proiektuak aurrera ateratzea: haur eta nerabeen legea, kooperazio legea, trantsizio energetikoarena eta trans legea aipatu ditu. 

Era berean, indar egin du aurrerantzean ere Gernikako Estatutua betetzen jarraitzeko beharrean. Zehazki, PSOEk eta EAJk azaroan adostu zuten moduan, legealdia amaitu aurretik Eusko Jaurlaritzaren esku nahi ditu migrazioen, aldiriko trenen kudeaketaren eta tituluen homologazioaren eskumenak. «Legealdia ez da azken egunera arte amaitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.