Irudia berritu dute gaur berriro Donostia ospitaleko atarian; zerbitzuburuek orain hamar egun hasi zuten protestak segida izan du, eta elkarretaratze bat egin dute Osakidetzaren kudeaketa auzitan jartzeko, eta bereziki berriki Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuan hartu dituen hainbat erabakirekin desadostasuna erakusteko. Bide batez, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk hizpide izan du gaur gaia ekitaldi batean: esan du protesta egin duten sendagileen aldarrikapenak «ulertzen» dituela, eta «konfiantza» duela gatazkak izango duen bideratze egokian.
Kudeatzaile talde berria jarri du Osakidetzak ESIan, eta horren bidez konponbiderako urratsak egingo direla uste du Urkulluk. Mahai gainean jarri nahi izan du, hala ere, itaun bat, Osakidetzak hartutako hainbat erabaki defendatzeko. Izan ere, Donostian zabaldu den krisiaren atzeko motiboetako bat da bertan dauden zenbait zerbitzu lekualdatzeko asmoa, eta antzeko motiboengatik kritikak ozenak dira beste zenbait osasun zentrotan ere; esaterako, Basurtuko erietxean, Bilbon, bertako profesionalak protestan ari dira bihotz kirurgiako unitatea kendu nahi dutelako handik. Ingurumari hori aintzat hartuta ulertu behar da Urkulluren galdera: «Posible al da beharrezkoak ditugun zerbitzu guztiak erietxe guztietan izatea? Edo pentsa dezakegu erakunde bakar baten parte direla eta sarean lan egin behar dutela?».
Kritikak kritika, Osakidetzak ematen duen zerbitzuaren kalitatearen gainean konpromisoa erabatekoa dela nabarmendu du Urkulluk, eta Jaurlaritza horren aldeko ahalegin betean ari dela. Datuak eman ditu: 2013an pertsonako osasun gastuetara 1.490 euro bideratzen zituztela esan du, eta gaur egun 2.100 direla. Era berean, abian diren lan eskaintza publikoen bidez Osakidetzako lantalde egiturazkoa 31.000 profesionalekoa izango dela adierazi du, eta behin-behinekotasuna arintzera egingo dela horrela. Azaldu du populazioaren «zahartzeak» ekarriko dituen arazoei begira osasun sistemak datozen lau hamarkadatan izan beharko duen hezurdura finkatzen ari direla, eta ahalegin horretan ulertu behar direla Osakidetzako buruak osasun sistema berrantolatzeko hartzen ari diren hainbat neurri.
Bi kargugabetzek eragin dituzte, bereziki, Donostialdeko ESIko protestak: zuzendari kudeatzaile Itziar Perezenak eta erietxeko zuzendari mediko Idoia Gurrutxagarenak. Urkulluk argudiatu du tankerako «konfiantza karguetan» aldaketak ohikoak izaten direla, eta «logikoak» direla, baldin eta ikusten bada profesional horiek ja ez dutela lanik egiten erakundeak buruan duen «proiektuaren» alde. «Benetako berritasuna honakoa da: osasun profesionalak publikoki manifestatzen ikustea antolaketa eta administrazio kontuengatik», azaldu du: «Hori izan da benetako ezustea».
Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordean egon da gaur Gotzone Sagardui Osasun sailburua Osakidetzako euskara plana aurkezten, eta oposizioko taldeek esan diote gaur agertu behar lukeela egunotan lehertu den krisiaz azalpenak emateko, hori delako lehentasunezkoa. Sailburuak gogorarazi du horretarako agerraldi bat eskatua duela, eta dagokionean emango dituela eman beharreko argibideak.
Oposizioko taldeen adierazpenak
Oposizioko talde politikoek argibide eske jarraitzen dute. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak gaur esan du zerbaitek «kale» egiten duela Osakidetzan. «Profesionalek» egindako kritikak aditu egin behar direla adierazi du. Betiere «gardentasunaren eta elkarrizketaren» aldeko hautua egin behar dela argudiatu du, eta hori dela sortu denaren gisako gatazkak eragozteko bidea.
Gipuzkoako PPko ordezkari Muriel Larrea Sagarduiri zuzendu zaio: Donostialdean sortu den krisiari erantzuteko «kapaz» ez bada dimititzeko esan dio. Osasun profesionalen iritzia aintzat hartu behar dela adierazi du, eta nahigabea azaldu du Gipuzkoako osasun zentroak «erreferentzialtasuna» galtzen ari direlako.