Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena

Urkulluk harrera egin die Foro Sozialari eta nazioarteko bitartekariei

Gaur hasita, bake prozesuei buruzko jardunaldiak egingo dituzte Donostian eta Baionan, Aieteko Konferentziaren 10. urteurrena dela eta

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Beatriz Artolazabal nazioarteko bitartekarien ordezkaritzarekin, atzo. JAIZKI FONTANEDA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak harrera egin zioten atzo nazioarteko bitartekarien ordezkaritza bati, Gasteizen: Teresa Whitfield NBEren Gai Politikoen Saileko Politika eta Bitartekaritza Dibisioko zuzendariari; Brian Currin abokatu hegoafrikarrari eta Concentric Alliance gatazkak konpontzekoerakundearen sortzaile eta zuzendariari; Sergio Jaramillo Caro Bakearen Europako Institutuko goi aholkulariari; Andy Carl Conciliation Resources fundazioko sortzaileari; eta Veronique Dudouet gatazken konponketan doktoreari eta Berghof fundazioko kideari. Baita Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorraren koordinatzaileari ere.

Guztiak dira parte hartzekoak Foro Sozial Iraunkorrak, Conciliation Resources erakundeak, Berghof fundazioak eta Bake Bideak Aieteko Konferentziaren 10. urteurrenaren karietara antolatutako ekitaldietan. Gaur abiatuko dituzte jardunaldiok, Donostiako Aieteko jauregian.

Atzoko harreraren ondoren egindako adierazpenetan Jaramillok nabarmendu zuen ezin direla bake prozesuak «orokortu», «herrialde bakoitzak erabaki» behar baitu zein diren hartu behar dituen neurriak. Garrantzitsutzat jo zuen «denei entzutea» eta «biktima guztiei» kasu egitea, Kolonbian egin duten bezala. Hernanek ohartarazi zuen bake prozesuen helburu nagusia «ez errepikatzeko bermeak» ezartzea dela. Eta, Euskal Herriaren kasuan, gogoratu zuen ETA «%100» desegin zela, Irlandan eta Kolonbian ez bezala, «disidentziarik» sortu gabe. Adierazi zuen badirela ebatzi gabeko gaiak ere, ordea: besteak beste, erabakitzeko eskubideari dagokion atala, «estatuaren biktimen» aitorpena, euskal presoen egoera eta memoria «inklusiboarena».

Bakerako erronkak COVID-19aren osteko egoeran hitzaldi arekin abiatuko dituzte jardunaldiak gaur. Martin Griffiths Nazio Batuen Erakundeko Larrialdietarako Laguntzaren koordinatzaile eta Giza Gaietarako idazkariordeak emango du. 16:30ean izango da hori, eta, ostean, Bake prozesuen garapena azken hamar urteotan izeneko mahai inguruan elkartuko dira nazioarteko gatazken kudeaketan aritutako lau lagun. Currinez eta Whitfieldez gain, hizlari arituko dira Jonathan Powell gatazken konponketan eta bitartekaritzan aritzen den Inter / Mediate zentroaren zuzendaria eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren kabineteburu izandakoa, eta Jaramillo bera. John Carlin kazetaria izango da moderatzailea.

Egindakoaren bilana

Lupa Euskal Herriko bake prozesuaren gainean jarriko dute bihar: haren «irakaspenez» eta «erronkez» arituko dira bi mahai ingurutan. Aieteko Konferentziaren laugarren puntuan sakonduko dute ondoren; hots, «eragile ez-bortxatzaileei eta ordezkari politikoei gai politikoez» aritzeko eskaeran. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidente ohia, Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramailea eta Jordi Cuixart Omnium Cultural erakundeko presidenteak eztabaidatuko dute gaiaz. Etzi amaituko dituzte jardunaldiak, Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.