Espainiako inbestidura

Urkulluk gobernabideaz eta lurralde ereduaz hitz egin du Sanchezekin

Espainiako jarduneko presidenteak Torrarekin ere hitz egin du, eta harekin elkartzeko prest agertu da, gobernua osatu ondoren.

Iñigo Urkullu eta Pedro Sanchez, 2018ko ekainean Moncloan egindako bilera batean. CHEMA MOYA / EFE
2019ko abenduaren 17a
16:17
Entzun

Pedro Sanchez hasia da inbestidurarako babes bila. Atzo PP eta Ciudadanos alderdietako ordezkariekin elkartu zen; gaur, PSOEko ordezkariak EH Bildurekin batzartuko dira eguerdian, publikoki lehen aldiz. Aldi berean, Sanchez telefonoz hitz egiten ari da hainbat agintarirekin: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari egin dio lehenengo deia, 09:00etan, eta ordu laurdenez hitz egin dute. Inbestiduraz ez ezik, «lurralde ereduaz» ere aritu direla adierazi du Urkulluk berak.

Lehendakariak prentsaurrekoan azaldu du Sanchezi gogorarazi diola ministroen biltzarrak itun bat onartu zuela urtarrilaren 22an, eta egutegi bat osatu zutela EAEko Estatutuko eskumenak eskualdatzeko. «Sanchezek aitortu dit ez dutela bete egutegi hori, baina konpromisoa hartu du aitortutako autogobernua garatzeko», adierazi du Urkulluk. Dagoeneko esana zuen Sanchezi eskatuko ziola lurralde ereduaz aritzeko eta «egituraz» heltzeko gaiari, «taktizismorik gabe». De Miguel auziko sententziaz ere aritu da prentsaurrekoan.

Urkullurekin hitz egin eta gero, Quim Torra Kataluniako presidenteari deitu dio Sanchezek, eta beste ordu laurdenez aritu da harekin. «Lehenbailehen» batzartzeko asmoa adierazi dute biek, eta Sanchezek esan dio gobernua osatutakoan elkartuko direla. Torrak argi erantzun dio: «Kataluniako gatazka amaitzeko beharrezkoak dira autodeterminazioa eta presoak askatzea».

EH Bildurekin bilera

Adriana Lastra PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramailea gaur hasiko da talde parlamentarioekin bilerak egiten. Eguerdian elkartu da EH Bilduko ordezkariekin: Mertxe Aizpurua talde parlamentarioko bozeramailea, Oskar Matute bozeramaileordea eta Gorka Elejabarrieta Senatuko bozeramailea hartu ditu. «Uste dugu gure erantzukizuna dela zuk bezala pentsatzen ez duenarekin hizketarako esertzea», esan zuen atzo Lastrak. «Lehen hartu-eman bat izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.