Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak ez du «porrotera eraman dezaketen» proposamenik nahi EAEko estatutu berriaren lanketan. Are, lan hori «diskrezioz» egin behar dela exijitu zuen, atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Hain justu, EH Bilduk jakinarazi du aditu taldearen eskuetan utzi duela estatus politiko berriaren testu artikuluaren proposamena, eta horri erantzun dio Urkulluk: «Eragotzi egin behar ditugu porrotera garamatzaten proposamenak. Helburua da akordio zabal bat lortzea».
EH Bilduk bere testu artikulatu propioa aurkezteak polemika sortu du azken asteetan. Testua osatzeko ardura zuen aditu taldeak —Alberto Lopez Basaguren PSEk proposatu zuen, Arantxa Elizondo Elkarrekin Podemosek, Mikel Legarda EAJk, Javier de Andres PPk eta Iñigo Urrutia EH Bilduk— legebiltzarrari eskatu zion egin beharreko lanak bukatzeko epemuga azarora arte luzatzeko—hasieran, ekainean amaituta izan behar zuten testu artikulatua—.
Horregatik, EH Bilduk esan zuen «epeen barruan» entregatuko zuela, berez, aditu taldeari eskatutako lana. Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan zuen, orduan, «hanka sartzea» zela indar subiranistarena: «Bilduk egin dezala nahi duena, aurkez dezala nahi duen papera. Nik ez dut irakurri ere egingo». EH Bilduk, ordea, lan tresna baten gisan aurkeztu du bere testu artikulatua, eta ez dute publiko egin dokumentuaren edukirik. «Testu artikulatua gainerako alderdiek izendatutako adituei helarazi diegu dagoeneko, adituen taldean martxan dagoen eztabaida prozesuan ekarpena egiteko». Legebiltzarreko legelari nagusiak jaso du EH Bilduren proposamena, eta hark adituen taldeari igorri dio. Azaroaren 30era arteko tartea dute autogobernu txostenean jasotakoak testu artikulatu bihurtzeko. Ondoren, legebiltzarreko talde batek erregistratu beharko du, eta onartu egin beharko lukete, gehiengo osoz.
Prozesua luzea izanda, Pello Urizar EAko idazkari nagusi ohiak eta EH Bilduko legebiltzarkide ohiak esan du zapore «gazi-gozoarekin» utzi duela postua—dimisioa eman ostean, bere aulkia uztea ere deliberatu du, eta atzo zuen azken saioa—: «Horrek frustrazio puntu bat sortzen dit». Urizarrek berak parte hartu zuen autogobernu lantaldean, eta estatutu berriaren txostenaren lantaldean ere aritu da. Edonola ere, «baikor» dagoela azpimarratu du Urizarrek, eta uste du aurrera aterako dela legea.
Urizarren azken oharra
Urizarrek —legebiltzarrean egin duen azken hitzartzean— ohartarazi du EH Bilduren helburua euskal errepublika eraikitzea dela, nahiz eta ez den hori estatutu berriaren planteamenduak jasotzen duena. Estatutu berriak «kontzertu politiko» bat behar lukeela nabarmendu du: «Kontzertu ekonomikoa denon ahotan dagoen honetan, kontzertu politikoa exijitzen dugu». Haren esanetan, «berdinen arteko harreman» bat osatu beharko litzateke estatutuan oinarrituta, bai Euskal Herriko lurraldeen arteko harremanari dagokionez, eta baita Espainiarekin izan beharrekoari dagokionez ere.
Gainera, Urizarrek goraipatu egin du EAJk autogobernu txostena egin bitartean izandako borondatea: «Gaitasuna izan genuen akordioetara ailegatzeko eta oinarri horien potentzialitatea indartzeko». Horregatik, akordioak egiteko deia egin du: «Denok dakigu zein den adostasunak bilatzeko errezeta». Gainontzeko legebiltzarkideak agurtzeko ere baliatu du tartea Urizarrek.
Urkulluk ere azpimarratu du beharra dagoela egungo autogobernua «osatzeko, indartzeko eta berritzeko», eta, horrela, «eraikuntza nazionalaren bidean» urratsak egiteko. Edonola ere, ohartarazi du beharrezkoa dela egungo testuinguruari erreparatzea, eta eskatu du «pausoz pauso» aritzeko, akordioen bidez euskal lurraldeen «errealitate nazionala» aitortua izateko. Horretarako, aldebiko harremana behar dela dio, eta aditu taldea egiten ari den lana goraipatu du: «Egiten ari direnaren dimentsioak eta garrantziak merezi du eskatu duten denbora».
Urkulluk ez du nahi «porrotera bideratutako» proposamenik estatusean
EH Bilduk adituen esku utzi du estatus politiko berriaren testu artikulatuaren proposamena. Eusko Legebiltzarrari agur esan dio Urizarrek; estatutua ez berritzeak sentsazio «gazi-gozoa» utzi diola dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu