Urkulluk eta Iñarrituk espioitza argitzeko eskatu dute

Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
«Argi dago Espainia dagoela espioitza masibo honen atzean». Pegasus programaren bidez espiatu dute Jon Iñarritu EH Bilduren Espainiako Kongresuko diputatua, eta argi du zein den erantzulea. Horiek horrela, kasua «ahalik eta arinen» argitzeko eskatu du Euskadi Irratian. Ikerketa galdegin du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere: «Kasu horiek berehala argitu behar ditu Espainiako Gobernuak».

Izan ere, Urkulluren esanetan, «oso larriak» dira «buruzagi instituzional eta politikoei ustez egindako espioitza kasuei buruz argitaratutako informazioak». Erantsi du horrelakoek ez dutela lekurik zuzenbide estatu batean: «Desberdin pentsatzen duena zelatatzea, hori baita argitaratutako informazioek erakusten dutena, sistema demokratiko bermedunaren oinarrien aurkako erasoa da». Bide beretik jo gu EAJk Twitterren: «Informazio horietan aipatzen diren jarduerak ustez legez kanpokoak eta zuzenbide estatuaren aurkakoak izateaz gain, oso larriak dira, eta Espainiako Gobernua derrigortzen dute informazioa presaz ematera. Helburu horrekin abian jarriko diren ekimenak babestuko ditu EAJk».

Iñarrituk ere gertatutakoaren larritasuna nabarmendu du, «Europan egon den kasurik larriena» dela esanez. «Lan politikoa egiteagatik» espiatu dituztela begitantzen zaio, eta esan du Madrilera joko dutela gertatutakoa salatzeko.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi ere zelatatu dute. Ez du ezustean harrapatu, Twitterren adierazi duenez: «Ilegalizatu egin gintuzten, torturatu egin gintuzten, hauteskundeetara aurkeztea eragotzi ziguten, gerra zikina egin dute eta Estatu erailketak egin dituzte. Inor harritzen al da gu zelatatzeaz? 78ko erregimena bere gordinean».

ELA sindikatuak gaitzetsi egin du espioitza. «Oso larria» dela iritzi dio, eta Espainiako Gobernuari mintzatu zaio esanez kontuak eman eta erantzukizun politikoak garbitu behar dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.