Urkulluk Espainiako Gorteetara eraman nahi du lurraldetasunaren debatea

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du «ezinbestekoa» dela alderdi politikoek eta autonomia erkidegoek parte hartzea elkarrizketa saioan

Konbentzioa «elkarrizketarako bidea» dela dio Urkulluk. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Lurraldetasunaren auziaz hausnartzeko «konbentzio konstituzional bat» eskatu zuen joan den astean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta berriz ere aipatu zuen gaia atzo, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Adierazi zuen debate hori «Espainiako Gorteetan plantea» litekeela. Zehazki, lehendakariak proposatu du Espainiako Gobernua premiatzea konbentzio horretara dei dezan parlamentuko ekinaldi baten bidez.

Orain arte, Urkulluk ez du ezer aipatu konbentzioko parte hartzaileez; atzo, baina, nabarmendu zuen beretzat «zeharo ezinbestekoa» dela alderdi politiko eta autonomia erkidego guztiek parte hartzea eztabaidan. «Autonomia erkidego historiko bateko lehendakari gisa, desiragarria litzateke, bide hori hartuz gero, hausnarketa horretan parte hartu ahal izatea; alderdi politikoei ez ezik, logikoa denez, erkidegoei ere bai baitagokie etorkizuneko ibilbidea zehaztea», borobildu zuen. Horiez gain, nahi du konbentzioan parte hartu dezatela «eragileek, adituek, legelariek eta iritzi emaileek».

Alderdi jakin batzuen parte hartzea azpimarratu zuen: PP eta Junts alderdiak konbentzioan «sartzen» direla erran baitzuen lehendakariak; Alberto Nuñez Feijoorekin hitz egin zuela adierazi zuen, eta planteatu ziola «konbentzio konstituzionalaren auzia». «Desiragarria litzateke alderdi politiko guztiek parte hartzea, baita PPk ere, jakina; izan ere, konbentzio konstituzional horretatik aterako litzatekeen ondorioetako bat [Espainiako] Konstituzioa erreformatzeko beharra izango balitz, beharrezkoa izango litzateke PPren parte hartzea; zenbaki kontua da», zehaztu zuen.

Espainiako Konstituzioaren erreforma horri lotuta, kritikak izan ditu lehendakariak, baina azpimarratu zuen aldaketa hori egitea ez dela «guztiz beharrezkoa». Izan ere, joan den astean adierazi zuenez, konbentzioaren helburua da «konstituzioaren zati baten interpretazio adostua eguneratzea».

Konbentzio konstituzionalaren bidez, Urkulluren asmoa da jorratzea Espainiako Konstituzioak lurraldetasun ereduak eta Espainiaren «errealitate asegabeak asetzeko eskain ditzakeen ahalmenak». Hau da, bi galdera erantzun nahi ditu: «Zergatik egon daitekeen soilik nazio bat estatu batean, eta zergatik ezin den Espainiako Estatua plurinazionala izan, praktikan XVIII. mendera arte izan zen moduan». Funtsean, estaturik gabeko nazioen etorkizuna izanen dute hizpide.

«Elkarrizketarako bide bat» izanen dela azpimarratu zuen atzo Urkulluk. Zehazki, espazio bat planteatu du, bertan uztartu ahal izateko «elkarrizketa barea, hausnarketa partekatua eta akordio itundu bat».

EH Bildu, kontra

Badira, baina, konbentzioa begi onez ikusi ez dutenak ere. Izan ere, Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak adierazi zuen ez dela lurraldetasunaren auzia lantzeko modu «egokia». «Urtero, bilkuren edo inbestidura saioen aurretik, horrelako gaiak ateratzen ditu [Urkulluk], baina gero kaxoian sartzen ditu», erran zuen Herri Irratian atzo egindako elkarrizketan.

Dena den, Urruzunok espero du oraingoan ez dela horrela izanen, «badelako garaia [lurraldetasunaren auziari buruzko] oinarrizko akordioak finkatzeko». «Auzi nuklearra» dela erran zuen: «Subiranotasuna, botere politikoa, beharrezkoa da, baita gaur egun mahai gainean ditugun garai bateko erronka horiei behar bezala aurre egin ahal izateko ere». Gaiari buruz hitz egiten denbora anitz daramatela adierazi zuen, «karta guztiak mahai gainean» daudela, eta «argi» dagoela bakoitzak zer jarrera duen gaiaren inguruan.

Haren erranetan, egokiena zera da: lehenbizi «akordioak lortzea» euskal indar politikoen artean, eta gero «horiek elkarrekin proposatzea Madrilen». Horrez gain, alderdi katalanekin ere «oinarrizko akordioak» lortu behar direla erran zuen Urruzunok, gero «Madrilen eta Europan interpelatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.