Zaldibarko hondamendia

Urkulluk esan du Zaldibarko hondamendiaren erantzukizun guztiak eskatuko dituela

Oterok (EH Bildu) Jaurlaritzari egotzi dio hondamendiaren erantzukizun guztia enpresari leporatu izana soilik, haren ustean agerikoa baita kontrolek «huts egin» zutela.

Urkullu lehendakaria, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. DAVID AGUILAR / EFE
2021eko otsailaren 5a
13:07
Entzun

Zaldibarko (Bizkaia) hondamendiaren lehen urteurrenaren bezperan, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak horren kudeaketari buruzko galdera bat egin dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari parlamentuko kontrol saioan. Lehendakariak erantzun dio gobernuak epaileen esku utzi dutela luiziaren inguruko informazio guztia, eta adierazi dio «erantzukizun zehatzak, zorrotzak eta osoak» eskatuko dituela.

Luiziak Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak harrapatu zituen azpian. Abuztuan aurkitu zuten Sololuzeren gorpua, eta Beltranen bila ari dira oraindik. Haren senideek eskatuta, Zallako Udalak adierazpen instituzional bat onartu du aho batez —EAJ, Zalla Bai, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek babestuta—, eskatuz ez dezatela Zaldibarko zabortegia zigilatu oraindik desagertuta dagoen behargina topatu arte. Lehendakariak adierazi du «atsedenik gabe» ari direla lanean.

«Kudeaketa hobetu nahi dugu horrelakorik berriro gertatu ez dadin», esan du Urkulluk. Azaldu du Jaurlaritzak aitortu zituela bere «akatsak», eta eskatu zuela barkamena. Errepikatu du «egia» eta «erantzukizuna» epaitegietan argituko direla.

Oterok, berriz, nabarmendu du agerikoa dela zabortegiaren gaineko kontrolek «huts egin» zutela, eta, Jaurlaritzak ondorengo lanetarako baliabide asko jarri dituen arren, Urkulluri egotzi dio ardura guztia Verter Recycling enpresari leporatu izana. Zabortegi bat eror dadin, «kontrol sistema publikoek» huts egin behar dute, haren esanetan, eta, beraz, gobernuak ardura bere gain ere hartu behar du.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldearen bozeramaileak ere egin du galdera bat gaiari buruz. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari hitz egin dio: «Verterri errua botatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak aitortzen du erantzukizunen bat duela luiziaren aurreko eta osteko kontrolaren gainean?».

Gorrotxategiren ustez, erantzun gabeko galdera asko daude oraindik: «Zergatik ez zioten lan egiteari utzi zartaduren berri eman zutenean? Zergatik ez zieten jakinarazi erreskate taldeei zabortegian 16.000 tona amianto zeudenik? Nola bete liteke zabortegi bat bederatzi urtean 35 urtean betetzeko asmoa baldin badago?», bota ditu legebiltzarkideak.

Tapiak 2007az geroztik egindako zortzi ikuskatzeren berri eman du, eta adierazi du hori Europak ezarritako prozedurarekin bat datorrela. Instalazioek baimenak zituzten, eta isun batzuk jarri zizkioten 2020an, 2019an egindako ikuskatze baten ondorioz, sailburuaren hitzetan. Azaldu du ingurumenari egindako kalteak konpontzeko proiektu bat eskatu diotela Verter Recyclingi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.