Urkulluk esan du ez duela erabaki Eusko Legebiltzarrerako bozak noiz egingo diren

EAJko oinarriek Imanol Pradalesen hautagaitza babestuko duten itxaropena agertu du lehendakariak. Eneko Anduezak, berriz, jeltzaleei ohartarazi die «akats larria» izango litzatekeela PSE-EE Jaurlaritzatik kanporatzea.

Urkullu EHU
Iñigo Urkullu gaur, EHUren ekitaldi batean. IREKIA
aitor biain
2023ko azaroaren 27a
15:40
Entzun

Alderdiak hasiak dira bozetarako prestaketak egiten. Iñigo Urkullu jeltzaleen lehendakarigai izango ez dela jakin ondotik, hauteskundeen gaia hizpide nagusi bilakatu da. Hauteskundeak aurreratu egingo dira, zantzu guztien arabera. Noiz? Hori da galdera nagusia orain. Kazetariei erantzunez, Urkulluk esan du ez duela egun zehatzik buruan, legealdi honetan oraindik egiteko «asko» geratzen delako. Egiteko horien artean dago agintaldiko lege garrantzitsuenetako bat onartzea: Hezkuntza Legea.

EAJren lehendakarigai berriaz ere aritu da Urkullu. EBBk Imanol Pradalesen hautagaitzaren alde egin du, eta militanteek izango dute azken hitza. Lehendakaria ziur da Pradalesek EAJko oinarrien babesa lortuko duela.

PSEren ohartarazpena

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ez du baloraziorik egin nahi izan Pradalesen inguruan. Eta jeltzaleei ohartarazi die «akats larria» izango litzatekeela PSE-EE Jaurlaritzatik kanporatzea. «Sozialistak gara gobernu horren balio erantsia», argudiatu du Anduezak. Eta bere alderdiaren proiektu politikoaren aldeko aldarria egin du, EAJren eta EH Bilduren proiektuen aldean. Salatu du EAJ «egunerokoa kudeatzearekin konformatu» dela, eta EH Bilduk «nazio eraikuntzaz» soilik hitz egin nahi duela.

Lehendakarigai ez izateko Otegiren iragarpenari buruz, berriz, Anduezak esan du «erabaki pertsonala» dela, eta ez dagokiola horri buruz iritzia ematea. Dena den, argi utzi du hautagaia edozein izanda ere, ez duela EH Bildurekin itunik egingo Eusko Jaurlaritzako agintera heltzeko.

Sozialisten buruaren hitzetan, ez da gauza bera EH Bildurekin elkartzea eta Junts Per Catalunyarekin amnistia legea adostea. Adierazi duenez, talde subiranistarekin itunak egiteak «ahalegin demokratiko handiagoa» eskatzen du egun. «Nire helburua da hauteskundeak irabaztea, eskua luzatzea, zubiak eraikitzea, benetan euskal herritarren beharretara egokitzen den herri proiektu bat eraikitzea eta gobernu hori gidatzea. Gainerako guztia ez zait interesatzen», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.