Familia enpresen kongresu baten hasieran izan zen, Bilbon, herenegun, Euskalduna jauregian. Euskaraz eta gaztelaniaz mintzatu zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, eta euskaraz jardun zuenean kexua erakutsi asmo zuten murmurioak eta eztulak egin zituzten han zeuden hainbat pertsonak. Desadostasuna azaldu zuen portaera harekiko Jaurlaritzako buruzagiak, eta gaur berriz izan du hizpide gaia: gogoratu du EAE Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizial bi daudela, eta estatuko gainerako herritarrek ere hori jakiteko «obligazioa» dutela. Era berean, euskal herritarrek hizkuntza bietan arta jasotzeko «eskubidea» dutela erantsi du.
Kazetariek egindako galderei erantzunez izan du hizpide gaur Urkulluk gaia, izan ere, oihartzun handia izan du jazoerak, eta erreakzio ugari eragin ditu. Urkulluk ez du zehaztu euskararen kontrako portaerak izan ziren kongresuko antolatzaileek barkamena eskatu dioten. «Gaiari buruz esan zitekeen dena esan da, ez dut deus gehiago esango».
Kongresuaren amaieran, atzo, Andres Sendagorta antolatzaileak adierazi zuen jarri zirela harremanetan Urkullurekin, eta euskararen gainean «pedagogia» egitea garrantzitsua dela esan ziotela: «Izan ere, altxor bat da, eta ez euskal herritarrena bakarrik, espainiar guztiena».
Hitzartzeetan hizkuntzen erabileran zer irizpide erabiltzen dituen ere zehaztu nahi izan du Urkulluk gaur egin dituen adierazpenetan. «Ez dut euskara erabiltzen gero gaztelaniaz esango ez ditudan gauzak esateko».