Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz egingo diren jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako lehendakariari dagokio, baina Iñigo Urkulluk ez du bozen deialdiaren berri eman oraindik. Data erabaki, erabaki du, nolanahi ere, osoko bilkura hasi baino lehen kazetariei adierazi dienez, baina ez du arrastorik eman nahi izan. EAEko aldizkari ofizialean argitaratu baino 48 ordu lehenago iragarriko duela esan du soilik, eta ezohiko Gobernu Kontseilura deituko duela horretarako. Gutxienez, hauteslekuak ireki baino 54 egun lehenago desegin behar du legebiltzarra, legearen arabera.
Horiek horrela, azken txanpan sartua da Eusko Legebiltzarra bera. Egiteko nagusiak burutu baititu jada: legeak egin eta onartzea. Izan ere, tramitatzen ari ziren azken hiru legeak gaur onartu dituzte: Haur eta Nerabeena, Lankidetzarako eta Elkartasunerakoa, eta transexualen eskubideen arauaren moldaketarena. Legebiltzarraren jarduera ez da etengo, dena den: mozioak eta legez besteko proposamenak eztabaidagai izango dituzte hurrengo saioetan, eta bihar oposizioko taldeen galderei erantzun beharko diete gobernuko kideek kontrol saioan.
Inoiz baino lege edo lege aldaketa gehiago onartu dira amaitzear dagoen agintaldian, Iñigo Urkulluren hirugarren eta azkenekoan: 59 dira denera —gaurkoak barne—. Babes zabalarekin onartu dira gehienak, gainera, legebiltzarrak onartu dituen legeen ia hiru laurdenen alde bozkatu baitu oposizioak. Azken hilabeteetan bereziki nabarmena izan da akordiorako prestasun hori, Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legea horren erakusgarri.
Hasieran uste zitekeenaz bestera, EAJren eta PSE-EEren gehiengo osoa ez da horren agerikoa izan legebiltzarraren jarduerari dagokionez. Ez behintzat aurreko legealdiarekin alderatuta; izan ere, Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek ez zuten gehiengo osorik orduan, eta oposizioko parlamentari baten babesa behar zuten lege egitasmoak gehiengo osoz onartzeko.
Legealdi honetan, kasu jakin batzuetan baliatu dute gehiengo hori. Lege esanguratsuenetan izan da, hori bai: enpleguarenean, osasun publikoarenean eta hezkuntzarenean, besteak beste. Azken horretan, Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek hiruko akordioa zuten EH Bildurekin, baina hizkuntza ereduen baldintzak ezerezean utzi zuen itun hori azken-azkenean.
Deialdia, luze gabe
Azken asteetan, erlojuaren kontra aritu da Eusko Jaurlaritza falta ziren legeak onartzeko, Urkulluren nahia baita legealdiaren hasieran hitzemandakoa beteta eta etxeko lanak eginda uztea kargua. Horretarako, baina, lege konpromisoez gain, Urkulluk ez die muzin egin nahi Madrilekin adostutako eskumenen transferentziei. Hiru dira Eusko Jaurlaritzak luze gabe jasotzea espero dituenak: aldirietako trenena, unibertsitate tituluen homologazioena, eta immigrazioarena.
Astearteko gobernu kontseiluaren bileran, Olatz Garamendi Autogobernu sailburuak adierazi zuen gertu daudela eskualdaketa horiek. Haren hitzetan, azken asteetan «aurrerapauso handiak» eman dituzte, eta soilik alor tekniko batzuk «orraztea» falta da bitariko batzordera deitu eta azken oniritzia emateko. Lanean «jo eta ke» ari direla esan zuen Garamendik. Ez zuen datarik eman, dena den, baina iragarri zuen hil honen bukaerarako etor daitezkeela. Aurrez, Denis Itxaso Espainiako Gobernu ordezkariak ere adierazi zuen otsaila hilabete «funtsezkoa» izango dela hitzartutako eskumenak eskualdatzeko.
Litekeena da legebiltzarra jada desegina dela biltzea batzorde hori. Hala balitz, Urkulluk ez luke arazorik izango hauteskundeen data luze gabe iragartzeko. Duela lau urte ere, astelehen batez eman zuen bozen deialdiaren berri, eta 48 orduko epean argitaratu zen aldizkari ofizialean.