Korta enpresaren 60. urteurreneko ekitaldian, iraganeko indarkeriari erreparatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, siglarik aipatu gabe. Urkulluk esan du «terrorismoa pertsona askok bizitza osoan eramango duten zama» dela, eta «barrenak mugitzen» dizkiola «oraindik gaur ere» indarkeria «justifikatzen dutenen ahotsak entzuteak».
Gasteizko gobernuko buruak Korta familia zoriondu du enpresaren ibilbideagatik: «Ziur nago Joxe Mari oso harro egongo zela duela 60 urte sortutako amets hura zer bihurtu den ikusita». ETAk duela 23 urte hildako enpresariak abiarazi zuen enpresa «lehiakorra eta eredugarria» dela zehaztu du Urkulluk; eta Korta «harro» egongo litzatekeela ere bai, «bere aberria zer bihurtu den ikusita». Adegi patronaleko presidente izan zen Korta, 1994 eta 2000 artean. Haren aberria «XXI. mendeari ilusioz eta konplexurik gabe begiratzen dion herria» dela esan du Urkulluk.
«Hainbat hamarkadatan sufritu du herri honek», azaldu du Jaurlaritzako buruak, bere agintaldia bukatzeko hilabete batzuk baizik falta ez diren honetan. Sufrimendu hori gertatu ei zen «batzuek ulertu zutelako herriaren eraikuntza ez zela egin behar lanetik, ekintzailetzatik eta ahaleginetik». Erantsi du «Joxe Mari bezalako enpresariek lekurik ez zutela ulertu zutelako» iritsi zela sufrimendua. «Terrorismoan aritutakoak gure herriaren gaitz handiena» izan ziren, Urkulluren hitzetan: «Gizakiaren alderik okerrena».
Joxe Mari Korta 2000. urtean hil zuen ETAk, Zumaian (Gipuzkoa). «Askatasunaren eta demokraziaren sinbolo bihurtu zen; ezberdinen arteko elkarrizketaren eta elkar ulertzearen defendatzailea izan zen, langile nekaezina, zorrotza eta, aldi berean, eskuzabala; horregatik, beti izango dugu Korta gogoan», nabarmendu du Urkulluk.
Hauteskundeen berririk gabe
Horrez gain, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdiari buruz ere aritu da Urkullu. «Ez dago egunik» zehaztuta boz horiek egiteko, haren arabera. Ohartarazi du «hartutako konpromisoak» betetzeko lanean ari dela buru-belarri, eta ez hauteskundeen eguna zehazteko. Esan du «legealdiaren kudeaketa» ez dela bukatu, azken asteetako mezuari eutsita. Alderdiak bozei begira daude jadanik, azkenerako Urkulluk aurreratu egingo dituelako ustea oso zabaldua baitago. Oraingoz, ordea, Jaurlaritzako buruak ez du argitu martxo-apiriletarako izango ote diren ala legegintzaldia osorik beteko ote duen.