GASTEIZ. Pfizerrek aldi baterako murriztuko du txerto banaketa Europan, ekoizpen gaitasuna handitu ahal izateko, eta, hori dela eta, Espainiako Gobernuak orain arte ezarritakobanaketa eredua aldatzea erabaki du, bigarren dosia bermatu ahal izateko. Baina Iñigo Urkulluk ez du begi onez hartu erabakia; iritzi dio «onartezina» dela, eta «kalte» egiten diola «aurreikuspenez jardun duenari». «Erabakia bidegabea da Euskadirentzat», salatu du sare sozialetan zabaldutako mezu batean.
Izan ere, banaketa orain arte jarritako txerto kopuruaren arabera egingo da, eta, beraz, dosi gutxiago jasoko dituzte txerto gutxien jarri dituzten erkidegoek. Lehendakariak dio, baina, «frogatuta» geratu dela Eusko Jaurlaritzaren txertaketa planaren bideragarritasuna: «Txertoa edozein preziotan jartzeko lasterketa eroa ez dela eraginkorra eta arriskutsua dela frogatu da». Nolanahi ere, «irizpide argiak» eskatu dizkio Urkulluk Madrili, eta proposamena «berraztertzeko». «Espero dut adostutako irizpideei eutsiko zaiela, eta ezin izango direla aurrerantzean aldatu», ohartarazi du lehendakariak.
Nafarroan ere ez dute txertatze kanpainarekin jarraitzeko arazorik izango datorren astean, Santos Indurainek azaldu duenez. Izan ere, Osasun kontseilariak adierazi du Nafarroako Gobernuak 1.800 dosi inguruko «erreserba estrategikoa» duela gordea, txerto banaketan egon daitezkeen gertaerei aurre egiteko. Edonola ere, datozen asteetan erabakiko dute txertaketa kanpainan «egokitzapenen bat» egin beharko ote duten edo ez.
Koronabirusa
Urkulluk dio «onartezina» dela txerto gutxiago jaso izana
Indurainek esan du Nafarroak «erreserba estrategikoa» duela datorren astean txertaketarekin segitu ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu