Euskara

Urkulluk dio epaitegiek sentsibilitatea falta dutela euskara gaiak lantzeko

Zupiriak «kezkagarritzat» jo ditu euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzeko epaiak. EH Bilduk Kontseiluaren manifestazioan parte hartzera deitu du

Iñigo Urkullu hizketan, atzo, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Asteartea eta osteguna. Bi egun eta bi epai euskararen kontra. Atzo horri buruz galdetu zieten Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan Eusko Jaurlaritzako ordezkariei. Epaitegietara begira jarri da Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, eta haien jarrera gaitzetsi du. Haren esanetan, eremu judizialean asko falta da euskara eta gaztelera parez pare egoteko, eta, gainera, salatu du «sentsibilitate handia» falta dela horrelako gaiak judizialki lantzeko.

Voxeko ordezkariaren galderari erantzunez eman ditu erantzunok. Epaileen jokamoldea kritikatzearekin batera, hizkuntza eskubideak bermatzeko eskatu du: «Gure ardura da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea, administrazioarekin dituzten harremanetan erabiliko duten hizkuntza aukeratzeko eskubidea izatea bermatzea. Hizkuntza eskubideen berme hori botere publiko guztien konpromisoa izan behar da: betearazlearena, legegilearena eta judizialarena». Berretsi du helegiteak jarriko dizkietela bi epaiei.

Ildo bertsutik mintzatu da Bingen Zupiria bozeramailea, EH Bilduko Jasone Agirre legebiltzarkideak galdetutakoei erantzunez. Esan du «kezkagarriak» direla euskararen ofizialtasuna «zalantzan» jartzen ari diren epaiak eta jarrera politikoak: «Badago arrazoirik kezkatuta egoteko». Horregatik, ziurtatu du ahal duten instantzia guztietan egingo dutela horien kontra.

Auzitegiak eragiteko tresna

Agirrek, bere galderan, irmo egin du epaien aurka: «Legebiltzar honetan gehiengo zabal batez onartutako udal legea urratu du auzitegiak, eta eraso zuzena egin die udalei, hizkuntza politikarako duten ahalmena mugatuta. Epaile batek bertan behera utzi ditu euskararen eta euskal hiztunen bizimodua normalizatzeko neurriak». Horrela, Agirreren esanetan, epaile bat ari da hizkuntza politika egiten, «eskuin muturreko taldeek bultzatuta». Kritikatu du hauteskundeetan «inondik inora lortu ezin dutena» auzitegien bidez lortu nahi dutela.

Gainera, nabarmendu duenez, ez dira «kasu bakanak», baizik «ondo antolatutako oldarraldia»: «Gizarte honen gehiengo zabal batek demokratikoki euskararen inguruan adostutakoaren kontra egin dute epai euskarafoboekin». Hori ikusirik, azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu du EH Bilduk, eta hala egin dezatela eskatu diete Urkulluri eta Zupiriari ere.

Zupiriak, baina, erantzun dio bakoitzak erabakiko duela noiz eta non egon behar duen. Alabaina, onartu du «kezkatzekoa» dela zenbait alderdi urratzen ari diren bidea: «Arduratzeko modukoa da zenbait alderdi politiko egiten ari diren ahaleginak, hain zuzen, zalantzan jartzeko 40 urtean egin dugun ibilbide demokratikoa».

Erantsi du: «Kezkagarria da politikaren arloan kudeatu eta adostu behar diren gaietan justizia tribunalek edukitzea azken hitza. Kezkagarriak dira epaile batzuek azkenaldian eman dituzten sententziak, eta kezkagarriak dira epaileak arrazoitzeko erabili dituzten argudio batzuk ere». Halaber, Zupiriak salatu du gisa horretako epaiek zalantzan jartzen dutela euskarak aparteko babesa behar duela, eta gaitzetsi egin du euskara «gatazkak sortzeko» erabiltzea. Gogorarazi du euskara eta gaztelera «maila berean» direla ofizialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.