Koronabirusa

Urkulluk bozak indargabetzeko dekretua sinatu du

Iñigo Urkullu, atzo. EFE.
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun

GASTEIZ. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo sinatu zuen Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeak indargabetzeko dekretua, eta gaur argitaratuko dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Dekretua legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrari jakinaraziko dio, halaber. Herenegun, Lehendakaritzan egindako bilera batean, Urkulluk eta talde politikoetako ordezkariek bozak atzeratzeko erabakia hartu zuten, aho batez, koronabirusaren krisia dela-eta iritzita ez dagoela botoa emateko nahikoa bermerik osasun eta sufragiorako eskubide aldetik, eta arrazoi horietan oinarritu da lehendakaria dekretuan. Formula juridikoari buruz, dekretuak dio bozen deialdi bat utzi daitekeela indarrik gabe baldintza horiek daudenean, baina aitortu du badela lege hutsune bat.

«Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia globalaren egoera deklaratu du, mundu osoan hedatzen ari den koronabirusa dela eta. Birusaren hedapena nazioartekotu egin da azken asteotan, eta, hedapena orokorra izatera iritsi ez bada ere, osasun-agintariek ezarritako neurriak indartu behar izan dira», dio dekretuak.

Lehendakariak dekretua sinatu aurretik, erabaki bera hartu zuen atzo EAEko Hauteskunde Batzordeak, aho batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.