EH Bilduren galdera bati erantzunez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak barkamena eskatu die 1984ko martxoaren 22an Espainako Poliziak Pasaian (Gipuzkoa) hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen familiei. Zehazki, EHUk 2020an egin zuen txostena «lehenago eta aurrez aurre» ez emateagatik eta ekitaldi publiko batean ez aurkezteagatik eskatu du barkamena.
Espainiako Poliziak Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura hil zituen egun hartan, badian, segada batean. EHUren Unesco Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak egin zuen txotena, 2020an, eta, zantzu guztien arabera, segada hura exekuzio bat izan zela ondorioztatu zuten. Inor ez dute zigortu hilketa horiengatik.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak gaur Urkulluri aurpegiratu dio txostena egin eta hiru urtera helarazi diela hildakoen senideei, beste batzuen bitartez. Zehazki, Jaurlaritzaren teknikari batzuek osatutako batzorde batek eman zien txostena. Arzuagak gaineratu du senideak «hirugarren mailako» biktimak sentitzen direla jaso duten tratuagatik, eta konfiantzarik ez dutela erakundeetan.
Urkulluk aitortu du «autokritika» ariketa bat egiteko beharra zegoela, txostena senideei pertsonalki ez helarazteagatik eta jendaurrean ez aurkezteagatik. Jakinarazi du, ordea, ostegunean egon zela hildakoen senideekin, eta duela egun batzuk arte txostena senideei eman ez badiete ere «zabal» banatu dutela eragile politiko, sozial eta akademikoen artean.
«Kudeaketa negargarri baten azken atala. Kudeaketa mingarri eta krudel baten azkenengo isla». Horrela definitu du Pello Aizpuru Pasaiako sarraskiko biktimetako baten senideak txostenarekin gertatutakoa. Adierazi du hasiera-hasieratik izan dituztela zailtasunak, sei hilabete behar izan baitzituzten Eusko Jaurlaritzarekin bilkura bat egiteko. 2019an, Jonan Fernandezek esan zien urte horren bukaerarako aitortza egingo zietela beharbada. Hitz haiek entzutean, senideei «zerua ireki» zitzaien. Hori, baina, ez zen gertatu.
Esan du geroztik ez dietela eman azalpen bakar bat ere, harik eta txostenarekin topo egin duten arte. «Arantzaz beteriko bidea izan da hau. Txostena teknikari batek eman zigun, eta hemeretzi egunez inolako azalpenik gabe egon gara». Azaldu du afera guztia argitara atera denean hitz egin duela Eusko Jaurlaritzak: «Min izugarria egin digute, atzera-bueltarik ez duen mina da». Aurrera begira «konpromisoak» behar dituztela adierazi du, jendeak «jakin dezan Espainiako Estatuak nola eragin zuen Euskal Herrian». Hori lortzeko, beraiek «lanerako prest» daude.
Senideen haserrea
Pasaiako sarraskian hil zituztenen senideek joan den larunbatean ere haserrea adierazi zuten Azpeitian (Gipuzkoa), hilketen 39. urtemugaren harira. Salatu zuten aste horretan ezagutarazi zietela Jaurlaritzaren txostena, eta oraintsu arte ez dutela izan horren berri. «Txosten horrekin hiru urtean lana egiteko aukera lapurtu digute, eta batzordeari ere ez zioten eman txosten hori. Norbaitek hori nahita ezkutatu du», salatu zuen Pello Aizpuruk, senideen izenean.
Senideek iragarri zuten auzia argitzeko «konpromisoa eta epeak» exijituko dizkiotela Eusko Jaurlaritzari. Orain arte ez dira hilketa horiek argitu. 113 bala zulo zituzten Komando Autonomoetako lau kideen gorpuek. «Pelitxok [Pedro Mari Isart] eta Peluk [Jose Mari Izura] 28 bala zulo zituzten; tiro bat, gutxienez, garondoan». Aizpuru eta Delas bizirik atera ziren, eta, gero, fusilatu egin zituzten, senideek aste honetan adierazi dutenez.
Asteartean, Donostian, polizia hiltzaileak nortzuk izan ziren argitzeko identifikazio erronda bat egin zuten Donostian, baina lehen saio horretan, Joseba Merinok, hilketen lekuko izan zenak, ezin izan zituen identifikatu. Bost polizia deitu zituzten, baina horietatik hiru soilik agertu ziren. Beste bat hilik dago. «Sentitzen dut, baina erabat identifikatu behar dira, eta ezin izan dut horrela egin», esan zuen ondoren Merinok.