Urkulluk babesa azaldu dio zientzia komunitateari, eta epaileek hura gutxiesten dutela salatu

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iradoki du auzitegien erabakietan «mespretxua» dagoela Labi batzordearekiko. Bide horretan, Sagarduik zalantzan jarri du futbol zelaien edukiera bikoiztearen egokitasuna.

Iñigo Urkullu atzo, Gasteizen egindako agerraldian. JON RODRíGUEZ BILBAO, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 15a
14:44
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «gutxiespena» sumatzen du epaileek berriki hartutako erabakietan. Hala azaldu du gaur goizean EHU Euskal Herriko Unibertsitearen irekiera ekitaldian egindako adierazpenetan. Urkulluk irmo adierazi du Jaurlaritzak orain arte bezala segituko dutela pandemia kontrolpean edukitzeko mugak zein diren zehazteko garaian: Labiren aholkuei erreparatzen jarraituko dute, alegia. Hain zuzen, adituen batzordearen eta auzitegien artean piztutako desadostasunen harira eman du azalpena lehendakariak. EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki du %60ra handituko dela futbol zelaietako gehienezko edukiera, eta, hala, bizkarra eman die Jaurlaritzaren asmoei; horiek %30ean nahi zuten muga mantendu.

Erabakiak hautsak harrotu ditu, eta, horregatik, Urkulluk babesa adierazi die komunitate zientifikoko kideei, «epidemiologo, birologo, mediku eta bestelako adituei». Kritiko azaldu da lehendakaria: «Etengabe, adituek ikusten dute beren osasun arloko gomendioak gaitzetsi egiten dituztela hain zuzen ere zientzia mespretxatzen duten pertsona batzuek». Bestalde, Urkulluk eskerrak eman dizkie herritarrei, erakusten duten «jokabide arduratsuagatik».

Urkulluren iritzi bertsua azaldu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik ere. Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azaldu du «errespetatzen» duela auzitegiek hartutako erabakia, baina duda adierazi du edukiera estadioetako edukierak %60ra handitzeari buruz. Iradoki duenez, neurriaren arintze hori ez da egokia egungo egoera epidemiologikorako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.