Urkulluk aldiriko trenen kudeaketaren, migrazioaren eta tituluen homologazioaren eskumenak eskuratuta amaitu nahi du legealdia

EAJk eta PSOEk azaroan adostu zuten hiru hilabeteko epean gauzatzea hiru eskumenen transferentzia. Lurralde Politikako ministroak Jaurlaritzarekin biltzeko asmoa adierazi du.

Urkullu
Iñigo Urkullu, atzo, Bruselan. IREKIA
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 30a
11:45
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren esanetan, hiru dira datozen hilabeteetan Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren esku utzi beharko lituzkeen eskumenak: aldiriko trenak, atzerriko unibertsitateko tituluen homologazioa eta migrazioa. Eta bere agintaldia amaitu aurretik eskuratu nahi ditu: «Uste dut garaiz gaudela». Hala, ez du zehaztu nahi izan noiz egingo duen Eusko Legebiltzarrerako bozetarako deia, argudiatuta «denbora» behar dutela ezarritako helburuak betetzeko.

Astea Bruselan hasi du Urkulluk. Atzo, Europako Batzordeko presidenteorde Margaritas Schinasekin bildu zen. Euskara Europako Batasunean ofizial izatearen alde hitz egin zion, eta babesa eskatu Aita Mari salbamendu ontziarentzat eta Zaporeak erakundearentzat, Jaurlaritzaren arabera. Halere, bilkuraren ostean beste zenbait gai ere tratatu zituen, eta hor aritu zen Gernikako Estatutuan jasota dauden baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenen inguruan.

Hain zuzen, gogora ekarri zuen azaroaren 10ean EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek eta PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchez azken horren inbestidurarako sinatu zuten akordioa, eta hark Gernikako Estatutua osatzeko falta diren eskumenei egiten dien erreferentzia: horiek bi urteko epean gauzatzea eta, zehatzago, «salbuespenezko lehentasuntzat» jotzea aldiriko trenen, migrazioaren eta atzerriko unibertsitateko tituluen auzia.

Bi aldeek adostu zuten hiru hilabeteko epean gauzatzea hiru eskualdaketak, eta martxorako espero dituzte aurrerapenak. Izan ere, Sanchezen inbestidura saioa azaroaren 16an egin zuten, eta hil haren 23an bildu zen lehen aldiz gobernu berriko Ministroen Kontseilua.

Hala, Urkulluk legealdia amaitu aurretik bete nahi dituen bi helburuetako bat da Espainiako Gobernuarekin dituzten negoziazioetatik etekina ateratzea. Bestea litzateke Eusko Legebiltzarrean tramitazioan dauden lege proiektuak onartzea —litekeena da gardentasun legea izatea salbuespena—. Legealdia «osatzea» ahalbidetuko luketen helburu horiek kontuan hartuta egin nahi du Eusko Legebiltzarrerako bozetarako deia, azaldu duenez.

EAJk eta PSOEk adostutako beste puntu batek erreferentzia egiten die bi aldeko harremanei ere. Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza bilduko dituen batzorde bat osatzea itundu zuten, eta adierazi sei hilabetean behin Espainiako gobernuburuak eta Jaurlaritzako lehendakariak parte hartuko duten bilkura bat egingo dela.

Oraingoz, ez da halako bilerarik egin. Angel Victor Torres Lurralde Politikako ministroak, baina, hizketagai izan zituen harreman horiek atzo, Kongresuan. «Autonomia estatutuen garapenaren» aldeko hitzekin batera, adierazi zuen men egingo diela bi aldeko batzordeak osatzeko dei egin duten horien eskaerei; besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren exijentziari. Ez zuen argitu, ordea, noiz egin asmo duten bilkura, eta mahai gainean egongo ote den hiru transferentzia horiek gauzatzea.

Nafarroan, erritmo eske

Lurralde Politikako ministroa jada bildu da Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibiterekin; urtarrilaren 17an egin zuen. Bilera hartan, eskumenen transferentzia izan zuten hizpide; besteak beste, beka eta I+G+B eskumenen kudeaketa eta AP-68 errepidearen titulartasuna. Halere, Geroa Baiko eledun Pablo Azkonaren iritziz, erritmoa ez da behar bestekoa, eta azaldu du «kezka» eragiten diola egoerak: «Anbizio handiagoa eskatzen diogu presidenteari».

Izan ere, Txibitek adierazi zuen legealdian horiek eskualdatzeko asmoa duela Nafarroako Gobernuak. EAJk eta PSOEk sinatutakoaren arabera, baina, Foru Hobekuntzan jasotako eskumenak sei hilabeteko epean eskualdatzeko konpromisoa hartu zuten alderdiek.

Txibitek, ordea, beste gai batzuk ditu esku artean. Urkullu bezala, hura ere Bruselan da egunotan. Atzo, Nicolas Schmit Enpjegu eta Eskubide Sozialen komisarioarekin bildu zen, besteak beste, autogintzaren erronken inguruan aritzeko. Nafarroako gobernuburuak EBn kogobernantza eredu baten alde egin beharra nabarmendu zuen, trantsizio industrial «justu» bat gauzatzeko bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.