«Urte hauetan, Euskadiren garapena, askatasuna, burujabetza, bizikidetza eta nortasuna indartu ditugu», ziurtatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur, Gernikan. Urkulluk hamabi urteko agintaldian lortutakoaren balantzea egin du, Batzar Etxean egin duten ekitaldian. Gernikako arbolaren kimua eman dio Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusien lehendakariak, eta Gernikako arbolak duen sinbologia izan da Lehendakariaren hitzaldiaren ardatza.
2012ko abenduaren 15ean haritzaren azpian karguaren zina egin ostean Batzar Nagusietan idatzitakoa aipatu du: «Gernikatik mundura gure nortasuna indartu, landatu, eta ereindako gure fruitua eman eta zabaldu. Apaltasunez eta erabakitasunez lan egingo dut berez aurrerakoia, baketsua eta askea izango den Euskadi baten alde, Europan eta munduko gainontzeko herrialdeetan». Agindu horiek izan dira, azpimarratu duenez, bere «helburua, konpromisoa eta norabidea». Eta hiru izan dira, nabarmendu duenez, bere hiru agintaldien gidak: «Pertsonak, auzolana eta Euskadiren nazioartekotasuna».
Urkulluk azpimarratu du Gernikako arbolak sinbolizatzen duena beti berekin izan duela: «Urte hauetan guztietan, Gernika eta Gernikako arbola beti nirekin izan dira», eta erantsi du «bere hazia sendotasunez» ari dela fruitua ematen. «Hemen eta munduko hainbat eta hainbat herritan ere».