«Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legearekin, gizarteak zorra kitatuko ditu biktimekin eta haien senideekin». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzak dira horiek. Eusko Legebiltzarrean tramitatzen ari dira lege egitasmoa, eta han mintzatu da lehendakaria, osoko bilkuran. «Akordioa eta adostasuna» eskatu dizkie taldeei, araua babes zabalez onar dadin. Izan ere, lehendakariak uste du legeak parada emango duela etorkizuna «bizikidetzarako memorian» eraikitzeko: «Aukera historiko baten aurrean gaude. Duintasuna itzuliko zaio halakorik aitortu ez zaionari, injustizia zuzenduko du, eta eskubideen urraketa leheneratuko».
Urrats bat aurrera egin du Memoria Historiko eta Demokratikoaren Lege proiektuak Eusko Legebiltzarrean. PP+C's eta Vox taldeek egitasmoari aurkeztutako zuzenketa bana atzera bota dituzte gainerako taldeek, eta, beraz, ez diote Eusko Jaurlaritzari bueltatuko proiektua.
«Egia, justizia, erreparazioa, berriz ez gertatzeko bermea eta balio demokratikoak» dira lege egitasmoaren ardatzak. Jasotzen duenez, gizarte osoak eta bereziki biktimek eskubidea dute jakitekozer gertatu zen egiaz 1936ko gerran eta ondorengo diktaduran. Biktimek errekonozimendurako eta erreparaziorako duten eskubidea ere aitortzen da legean, eta memoriaren arloko arau hausteak zehazten ditu— 200 eta 150.000 euro arteko zigorrak jasotzen ditu—.Besteak beste, arau hauste oso larritzat jotzen ditu biktimen hobiak suntsitzea, diktaduraren biktimen aurkako adierazpenak egitea eta 1936ko kolpe militarra eta diktadura goraipatzea.
PP+C's-ek eta Voxek lege egitasmoa arbuiatu dute, eta biek ala biek kritikatu dute ETAren «proiektu totalitarioak» eragindako biktimak ez dituela aintzat hartzen. «Zergatik desagertu da ETAren proiektu totalitarioa gure memoria historikotik? Ez du zentzurik», galdetu du Carmelo Barriok. Halaber, salatu du «errepublikanoek eragindako biktima errugabeak» ere aintzat hartu behar lituzketela lege egitasmoan.
Eskuineko taldeen kritikei gogor erantzun diete EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk.Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak aurpegiratu die «ETAren aitzakia» erabiltzea 1936ko gerraren eta frankismoaren biktimenganako «konpromisorik eza» estaltzeko. «ETA ezin da izan komodin bat memoria historiko eta demokratikoaren inguruko interesik, konpromisorik eta ausardiarik eza zuritzeko».
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearentzat, «lotsa gutxikoa» eta «onartezina» da osoko zuzenketak aurkeztea eta aldi berean aitortza ukatzea «kolpe faxistan eta gerran eraildakoei, fusilatuei, desagertutakoei, erbesteratuei eta torturatuei». Arzuagaren iritziz, osoko zuzenketak «iraina» dira frankismoaren biktimentzat.
Eta bide beretik mintzatu da Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea ere. PP+C's eta Vox taldeei aurpegiratu die memoria historiko eta demokratikoa sustatzen duen edozein legeren aurka egotea. «Lege egitasmo hau gelditu nahi izatea diktadura frankistaren oinordekoak legitimatzeko modu bat da», ohartarazi die.
PSE-EEko Eneko Anduezak, berriz, eskatu du ez nahasteko ETAren biktimakgerrako eta diktadurako biktimekin. Halaber, «adostasun zabala» eskatu du legearen inguruan.
Urkullu: «Memoria historikoaren legeak injustizia zuzenduko du»
Legebiltzarrak atzera bota ditu PP+C's eta Voxen zuzenketak, eta tramitatu egingo du lege proiektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu