Duela egun batzuk, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi zuen estatus politiko berriari buruzko eztabaidari berriz heltzeko garaia dela. Gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, adierazpen horiei heldu die Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Urkulluri estatutu berriari buruz galdetzeko. Zehazki, Iriartek azpimarratu du «premiazkoa eta beharrezkoa» dela erabakitzeko eskubidearen eztabaidari heltzea, areago egungo krisian, eta herritarrei kontsulta egitea lehentasunezkoa dela. Iriartek lehendakariari galdetu dio zein den bere ustez estatus politiko berria adosterakoan gehiengo sozial eta politikoa batu dezakeen elementua.
Urkulluk erantzun dio ez dagoela elementu bakar bat, «asko» direla, eta estatus politiko berriaz eztabaidatzen ari den legebiltzarreko lantaldeak «ahalik eta adostasunik zabalena» lortu beharko lukeela. Lantaldeak onartuko duen proposamenak «bideragarria» izan beharko luke, eta, ondoren, herritarrek erreferendum bidez berretsi beharko lukete, lehendakariaren esanetan. Ohartarazi du autogobernua ezin dela «kale itsu» batean sartu edo «tiradera batean gorde», eta gizarteari dagokiola bere etorkizun politikoa erabakitzea. Baina erantsi du erabakitzeko eskubidea, egun, ez dagoela «juridikoki oinarrituta», ez dagoela arautua, eta oraindik zehazteke dagoela zein eginkizun betetzen duen kontzeptu horrek estatus berrian. «Erabakitzeko eskubideak elkargune izan behar du, ez haustura». Lehendakariaren iritziz, erabakitzeko eskubideak bi printzipiotan oinarrituta egon behar du: euskal foru tradizio politikoaren izaeran eta gizarte garaikidearen eskakizun demokratikoan. «Erabakitzeko eskubideak itun politiko eta instituzional zabal bat izan behar du oinarri, ondoren euskal herritarrek berresteko», gaineratu du.
Estatus politikoa
Urkullu: «Erabakitzeko eskubideak elkargune izan behar du, ez haustura»
Lehendakariaren iritziz, autogobernua ezin da «kale itsu» batean sartu. Maddalen Iriartek esan du erabakitzeko eskubidea gauzatzea «premiazkoa» dela, areago krisi egoeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu