Alderdietako komunikazio arduradunek jakinarazi ohi dute zerrendaburuek non eta noiz bozkatuko duten, era horretan kazetari eta argazkilariek irudiak eta adierazpenak jaso ahal izateko. Gaurkoan, ordea, gaizki ulertu baten ondorioz, iragarritakoa baino ordu erdi lehenago joan da Iñigo Urkullu lehendakaria bozkatzera. Hala, ohikoa baino kazetari gutxiago zituen kanpoan zain irten denean.
Bitxikeriak bitxikeria, ordea, mezu argia helarazi die buruzagi jeltzaleak hautesleei: "Hautesleek kontuan izan beharko lukete herri eta lurraldeetatik Euskadi eraikitzeko egiten ari garen lana. Europan dagoen eta egongo den herri bat nahi dugu; Europa aldatu nahi dugu".
Horrez gain, eskatu die herritarrei utopiak ez ezik erealitatea bera ere haintzat har dezatela botoa emateko garaian, eta ahalbidetu dezatela "Euskadi, herriz herri eta lurraldez lurralde eraikitzea".
Gasteizen bozkatu du Gorka Urtaran jardunean den alkate jeltzaleak, eta "etorkizunerako berme gehien" eskaintzen dituen aukeraren alde egiteko eskatu die hutesleei. EAJren eta EH Bilduren arteko lehia estua iragartzen dute inkestek Arabako hiribururako.