Urkullu: «Duela 85 urteko irudiek berresten digute elkarrizketa dela bidea»

1937an erbesteratutako euskal haurren ebakuazioa gogoratzeko ekitaldi bat egin dute Santurtzin, udalak eta Gogora institutuak antolatuta

Atzo Gogora institutuak eta Santurtziko Udalak antolatutako ekitaldia. IREKIA.
xabier martin
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 36ko gerran Euskal Herritik atzerrira ebakuatutako haurrak gogoratu zituen atzo, Santurtzin, gertaera historiko horri erreparatzen dion oroigarriaren inaugurazioan. «Duela 85 urteko irudiek, gaurko irudiek, gerrari ezetz esatera garamatzate», esan zuen. «Irudi horiek ikusita, berresten dugu indarkeriarik eza eta elkarrizketa direla gatazkak konpontzeko bidea; berresten dugu printzipio eta balio etiko eta demokratikoekin konprometituta gaudela», erantsi zuen.

Euskal haurrak erbestera eraman zituzteneko 85. urteurrena oroitzeko ekitaldian, 80 pertsona ingururen aurrean hitz egin zuen Urkulluk; horietatik dozena bat 1937an ebakuatu zituzten, haurrak zirenean. Haiekin batera, ebakuatuen ondorengoak ere izan ziren, etabete egin zuten Santurtziko arrantzaleen kofradia.

Urkulluk eskerrak eman zizkien haur horien harrera erraztu eta hartan parte hartu zuten pertsona, erakunde, erkidego eta herrialdeei: «Euskadik ez du ahaztu eta ez du inoiz ahaztuko zuen gizatasun keinua eta gure umeekin izandako elkartasuna».Egun Saharako haurrak eta Txernobyl ingurukoak hartzen dituzten familiei erreparatu zien, eta, bereziki, Errusiaren inbasioaren biktima diren haurrei: «85 urte geroago, inbasioaren historia errepikatu egin da, baina alderantziz».

Santurtziko Udalak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatu dute ekitaldia. Aintzane Urkijo alkateak hitz egin du ekitaldian. «Duela 85 urte, familiak banatu ziren gure portuan, seme-alabak Frantziara, Erresuma Batura, Errusiara edo Belgikara bidaltzeko», esan die gonbidatuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.